Politika -
Inaugurazio ekitaldia
Preso gaixoen aldeko oihuek eten egin dute Zinemaldiaren hasiera
Inaugurazio ekitaldia 5 minutu etenda egon da, hiru pertsonak ETAko preso gaixoen alde eta Zubietako erraustegiaren aurka egindako oihuak direla eta.
eitb.eus
Gaixotasun larriak dituzten euskal presoen aldeko oihuek Donostiako Zinemaldiaren inaugurazio galaren hasiera bost minutuz geldiarazi dute.
Emma Suarez, Mireia Gabilondo eta Cayetana Guillen Cuervo aurkezleak eszenatokian agertu direnean, ikusle bat zutik jarri eta "askatasuna preso gaixoentzat" oihukatzen hasi da, 'Ibon S.O.S' lelodun kartela erakusten zuen bitartean.
Ibon Iparragirre ondarrutarrak gaitz larri bat du eta espetxean dago.
Ibon Iparragirren askatasunaren aldeko cartela. Foto: Efe
Gizonezkoa eraman egin dute, baina jarraian beste pertsona bat hasi da gaixorik dauden presoen alde oihuka.
Gala bost minutuz egon da etenda.
Ondoren, baina, ekitaldiarekin aurrera egin dutenean, gizonezko bat igo da eszenariora, Zubietako erraustegiaren aurkako aldarriak oihukatzen, baina azkar kanporatu dute.
Une horretan, hain justu, Bertrand Tavernier zinemagile frantziarra sartzen ari zen eszenatokira. "Donostia beti da harrigarria", esan du, irribarretsu, protestariari begira.
Euskal presoak etxeratzearen aldeko protesta. Efe