Politika -

Valentzia

Gorenak Rita Barbera ikertuko du dirua zuritu izana egotzita

Zinegotziek eta laguntzaileek egindako ekarpenak ikertzen ari dira (mila euro eman zizkion bakoitzak alderdiari), PPk legez kanpo jasotako dirua zuritzeko erabiltzen zuela uste dutelako.

Rita Barbera. Argazkia EFE.
Rita Barbera. Argazkia EFE.
Rita Barberak dirua zuritu zuen ikertuko du Auzitegi Gorenak

1:30

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak ikerketa zabalduko du Rita Barbera Valentziako alkate ohiak dirua zuritu ote zuen argitzeko. Valentziako Udaleko Talde Popularreko zinegotziek eta laguntzaileek diru-ekarpenak egin zizkioten alderdiari (mila euro eman zituen bakoitzak), eta alderdiak legez kanpo jasotako dirua zuritzeko erabiltzen zuela uste du Gorenak.

Barbera PPko senataria da, eta, horrenbestez, foruduna. Horregatik, Auzitegi Gorenari zegokion hura ikertu ala ez erabakitzea. Uztailean, Fiskaltzak eskaria egin zion Auzitegi Gorenari, 'Imelsa' auzia ikertu behar zuen epailea izenda zezan.

2003, 2010 eta 2011. urteetan, PPren kontuetan atzemandako 200.000 eurotik gorako emariak ikertuko ditu Gorenak, eta Valentziako PPko zinegotzi eta aholkulariek egindako ekarpenak ikertuko ditu. Antza, mila euro eman ostean, 500 euroko bi billete jaso zituen bakoitzak, legez kanpoko dirua zuritzeko.

Senatuari errege-gutuna eskatzen ote dion erabaki beharko du orain Gorenak, Barberaren aurkako auziarekin aurrera jarraitzen duen edo auzia artxibatzen duen erabakitzeko. Horrela, baliteke Gorenak Barbera inputatu gisa deklaratzera deitzea, baina bere borondatez joatea.

Gorenak gaur bere autoan azaldutakoaren arabera, eta ikerketak dena argitu beharko badu ere, baliteke PPk dirua zuritzeko egin izana operazio hori.

"Ikerketarekin jarraitzea eta Rita Barbera forudunak izandako parte-hartzea argitzea ezinbestekoa da", esan du Gorenak.

BARBERA EZ DA SENATURA JOANGO ETA GORENAREN AUTOA AZTERTUKO DU

Gaur arratsaldean osatuko dira Senatuko batzordeak, baina Barberak Alderdi Popularrari jakinarazi dionez, ez da batzordeen osaketan egongo, horietako bitan (Batzorde Konstituziogilea eta Ekonomia batzordea) batzordekidea bada ere.

PPko iturrien arabera, Barberak barkamena eskatu du bertan ez egoteagatik, eta Gorenak emandako autoa aztertu behar duela esan du.

Gorenaren autoa ezagutzera eman ondoren jakinarazi du Barberak bera ez dela Senatuko batzordeen osaketan egongo, senatari guztiak deitu badituzte ere. Valentziako alkate ohia aurreko legealdian parte hartu zuen batzordeetan parte hartzeko deituta zegoen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Panama Albisteak