Politika -

DIADA

Erregearen argazkiak erretzea eta CUPen txio bat ikertzen ari da AN

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ikerketa hasi du, Esquadra Mossoek txostena igorri ondoren.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ikerketa bat zabaldu du erregea iraindu ote duten argitzeko, Bartzelonan egindako Diadaren manifestazioan izan ziren gertaerak direla eta, Fiskaltzatik jakinarazi dutenez. Bertan, zenbait pertsonak Felipe VI.a Espainiako erregearen argazkiak eta Espainiako Konstituzioaren orrialdeak erre zituzten.

Gainera, Fiskaltzak CUPek erregearen aurka publikatutako txio bat ere ikertuko du. "Erregeak koroa nahi badu, koroa emango diogu; etor dadila Bartzelonara eta lepoa moztuko diogu", esan zuten martxako parte-hartzaile batzuek, alderdiak Twitterren jaso zuenez.

Hala, Fiskaltzak 109/2016 diligentziak abiarazi ditu, Esquadra Mossoek igorritako txostena jaso ostean, eta, horren aurrean, manifestazioan Koroaren eta Estatuko erakundeen aurkako delituren bat egin ote zuten egiaztatu nahi du.

Gertaerok kapitalismoaren aurkako taldeek Diada dela eta deitu ohi duten ekitaldi politikoan jazo ziren. Besteak beste, CUP, Alerta, Arran eta Endavat taldeek deitu dute aurten.

Gainera, manifestazioan, Espainiako, Europako eta Frantziako banderak ere erre zituzten. Anna Gabrielek defendatu egin zuen ekintza, bere ustez, jendeak bere "aldartea adierazteko beharra" duelako. "Bere burua demokratikotzat duen herrialde batean, onartu egin beharko lirateke horrelako adierazpenak", esan zuen.

Hitza hartu baino lehen, independentzia "kaletik" bultzatu behar dela esan zuen Gabrielek hedabideen aurrean. Estradak, bere aldetik, 2017ko uda baino lehen independentziaren aldeko "haustura keinu bat" egitea eskatu zion Kataluniako Gobernuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Katalunia Politika Espainiako Felipe VI.a CUP albisteak Diada albisteak