Politika -

2016ko Diada

Katalunia independente baten alde egin dute milaka lagunek

Indar soberanistek eta euren jarraitzaileek bost hiritako kaleak lepo bete dituzte, 'A punt' ('Prest') lelopean, Estatu bihurtzeko Katalunia 'prest' dagoela aldarrikatzeko helburuz.

Independentistek Kataluniako kaleak lepo bete dituzte. Argazkia: EFE
Independentistek Kataluniako kaleak lepo bete dituzte. Argazkia: EFE
Independentziaren aldeko aldarri jendetsua Diadan

1:17

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagunek parte hartu dute igande honetan Diada edo Onze Setembreren harira Omnium Cultural elkarteak eta Kataluniako Batzorde Nazionalak deitutako martxan.

Aurten, bost manifestazio abiatu dituzte aldi berean, jai-giroa nagusi izanda, Bartzelonan, Tarragonan, Lleidan, Salten (Girona) eta Bergan (Bartzelona). Planteamendu horrekin Katalunia anitza dela adierazi nahi dute, izan ere, hiri bakoitzak balore batzuk ordezkatu ditu: Bartzelonak, askatasuna; Tarragonak, aurrerapena; Lleidak, lurralde-oreka; Saltek, justizia soziala; eta Bergak, kultura.

17:14ean Lleidako Seu Vellako katedralaren kanpaiak jo dituzte, eta horrela hasi dira elkarretaratzeak, 'A punt' lemapean, Estatu bihurtzeko Katalunia 'prest' dagoela aldarrikatzeko asmoz.

Carles Puigdemont Generalitateko presidentea Salteko manifestazioaren buruan izan da. Bartzelonakoan, berriz, Ada Colau Bartzelonako alkateak hartu du protagonismoa, Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordearekin batera. Bestalde, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea Tarragonako manifestazioaren buruan izan da.

DIADA 2016 CATALUÑA KATALUNIA EFE

Esteladak nonahi, ibilbidean zehar. Argazkia: EFE

Igande goizean, Rafael Casanovaren omenez egindako lore-eskaintza tradizionala egin dute, Bartzelonan. Ekitaldi hartan alderdi guztiek parte hartu dute, Ciudadanosek, PPk eta CUPek izan ezik.

Erreakzioak

Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministroaren "berehalako dimisioa" eskatu du Ada Colau Bartzelonako alkateak eta Barcelona En Comuko buruak, Margallok atzo egindako adierazpenengatik. Colauren iritzian, "terrorismoa eta erabakitzeko eskubidea lotu ditu" ministroak, "eta hori ez da batere inozoa izan, gaitzesgarria eta deitoragarria baizik".

Bestalde, Francesc Homs PDCko buruaren esanetan, Atzerri ministroa "Gobernu espainiarreko talibana da".

Halaber, Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentari nafarra Bartzelonako manifestazioan ere izan da, eta "Estatu espainarraren mende egindako azken Diada" izateko itxaropena agertu du.

Hauteskunde konstituziogileak 2017rako

Nazioarte mailako komunikabideen aurrean Generalitateko egoitzan izandako prentsaurrekoan Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak esan duenez, 2017ko Diadaren ostean "hauteskunde konstituziogileak" izatea espero du. Puigdemontek azaldu duenez, une hartan Katalunia egongo da "autonomiaren osteko eta independentziaren aurreko bidean".

Generalitateko presidentearen esanetan, Junts pel Sik eta CUPek legegintzaldi honetarako zehaztutako lanak amaituta egon beharko lirateke 2017ko "uztailaren amaierarako".

Adierazpen instituzionala

Puigdemontek berak adierazpen instituzionala egin zuen larunbat honetan, Diadaren bezperan, "Kataluniarekiko konpromisoetatik eta beharrizanetatik aldentzen" ari dela leporatu zion Gobernu zentralari.

Estatuak Katalunian dituen azpiegiturek "inbertsio gabezia kronikoa" pairatzen dutela deitoratu zuen Generalitateko presidenteak, eta horrek ekonomiari zein herritarren egunerokotasunari eragiten diola.

Horrela, Estatuak herritarrei legez, eta egoera politikoa edozein delarik ere eskaini behar dizkion zerbitzuei kontu egiten ez diela azpimarratu zuen.

Euskal politikariak Katalunian

EAJk eta EH Bilduk ordezkaritza bana bidali dute Kataluniara, Diadaren harian. Horrela, EAJren partez, Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramailea eta Jokin Bildarratz Senatuko bozeramailea izango dira; EH Bilduk, berriz, Bakartxo Ruiz, Maiorga Ramirez eta Jon Iñarritu bidali ditu Kataluniara. Guztiek goizeko lore-eskaintzan parte hartu dute, eta arratsaldeko martxan izango dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Onze setembre Politika Espainiako Gobernua Pere Aragonès argazkiak