Politika -
2016ko Diada
Puigdemont: 'Kataluniarekiko konpromisoetatik aldentzen dabil Estatua'
Urte politiko honetan erabakitzeko eskubidea nola "bermatu" behar den erabaki behar da.
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak "Kataluniarekiko konpromisoetatik eta beharrizanetatik aldentzen" ari dela leporatu dio Gobernu zentralari larunbat honetan.
2016ko Diadaren harira Generalitateko egoitzatik egin duen mezu instituzionalean Estatuak Katalunian dituen azpiegiturek "inbertsio gabezia kronikoa" pairatzen dutela deitoratu du, eta horrek ekonomiari zein herritarren egunerokotasunari eragiten diola.
Horrela, Estatuak herritarrei legez, eta egoera politikoa edozein delarik ere eskaini behar dizkion zerbitzuei kontu egiten ez diela azpimarratu du.
"Hori guztia, gainera, urteetatik jasaten ari garen berariaz egindako itotze finantzarioa konpondu gabe", gaineratu du Kataluniako presidenteak.
Aldi berean, justizia Katalunia eta Estatuaren arteko gatazka konpontzen saiatzeko besterik ez erabiltzea kritikatu du.
Katalunia barruan eta kanpoan hitz egin
Kataluniako etorkizunari dagokionez, bere gizartearen ezaugarri diren elkarrizketatik eta elkarbizitzatik eraikiko dela adierazi du: "Katalanak ez diogu sekula elkarrizketari uko egin, eta historian zehar egiaztatu ahal izan da akordioetara heltzeko gai garela".
Zentzu horretan, Kataluniako gobernuak Katalanen "elkarrizketarako sena"ri eutsiko diola azpimarratu du.
Govern bat guztientzat
Puigdemontek ziurtatu duenez, berak zuzentzen duen Exekutiboak "katalan guztientzat gobernatzen du, inongo bereizketarik egin gabe", eta aurrerapen, ongizate, kohesioa eta bizikidetzaz arduratuko dela.
Aldi berean, irailean hasten den urte politikoan "Kataluniak bere bidea askatasunez aukeratuko duela bermatuko duten erabakiak hartu" beharko direla planteatu du, eta erabaki horiek Kataluniako gobernuak eta legebiltzarrak hartuko dituela.
EBn "aktorea"
Kataluniak Europar Batasunean "aktore gisa eta ez ikusle gisa" parte hartu nahi duela ziurtatu du.