Politika -
Dimisioak Foruzaingoan
Beaumont: 'Foruzaingoaren buruzagien jarrera onartezina da'
Barne kontseilaria dimisioa eman duten 30 foruzainekin bildu da. Soldata murrizketarekin eta ordutegi aldaketekin ados ez daudelako utzi zuten kargua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Maria Jose Beaumont Nafarroako Presidentzia, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia kontseilariak bilera egin du joan den ostiralean dimisioa eman zuten Foruzaingoaren 30 buru eta arduradunen ordezkaritza batekin.
Foru Polizia Lege berriak goi-karguei soldatak murriztea eta ordutegia aldatzea aurreikusten duelako dimititu zuten.
Beaumonten arabera, foruzainen jarrera “onartezina” da eta egoera bere onera itzultzeko elkarrizketarako deia luzatu die.
Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, gaurko bilera dimisioen iragarpena baino lehen deituta zegoen.
Foru Gobernuak uste du Foruzaingoaren buruek “beharrezkoa ez zen alarma soziala” eragin dutela dimisioak aurkeztuta eta haien jarrera “onartezina” dela, lege proiektuan zuzenketak egiteko epea irekita dagoelako eta departamenduko arduradunekin inolako bilerarik egin gabe utzi dituztelako karguak.
Joan den ostiraleko agerraldian egin zuen moduan, Beaumontek onartu du Foru Poliziaren Legea hobetzeko modukoa dela, lanaldia, ordainsaria, diziplina erregimena edo koordinazio polizia bezalako esparruetan. “Baina horrek lasaitasuna eta sosegua eskatzen du, adostasun sindikala eta politikoa”, azpimarratu du.
Nafarroako Gobernuak legea bete egin behar duela helarazi die Beaumontek Foruzaingoaren buruei, baina, aldi berean, konponbidea bilatzeko “elkarrizketarako prest” dagoela jakinarazi die.
Bestalde, UPNk eskatuta, Uxue Barkos Nafarroako presidenteak agerraldia egingo du Foru Parlamentuan, auzi honen inguruan azalpenak eman ditzan.