Politika -
Irailak 28
CUPek Puigdemont babestuko du irailaren 28ko konfiantza-galdean
Anna Gabriel diputatuak ziurtatu duenez, CUPeko 10 diputatuek baiezko botoa emango dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
CUPek Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidenteari babesa emango dio irailaren 28ko konfiantza-galdean, Anna Gabriel CUPeko diputatuak gaur ziurtatu duenez.
TV3 Kataluniako telebista kateari eskainitako elkarrizketan, Gabrielek esan du jarraipena eman behar zaiola hasitako legegintzaldiari. "Hasi genuen legegintzaldiari segida emateko eta lanean jarraitzeko emandako baietza da", adierazi du.
Irailaren 28ko konfiantza-galdean CUPeko 10 diputatuek Carles Puigdemonti baiezko botoa emango diotela ziurtatu ostean, hauteskunde berriak deitzeko arrazoirik ez dagoela gaineratu du Gabrielek.
Gabrielen esanetan, CUPeko ordezkariak aste honetan elkartuko dira Generalitateko Ekonomia kontseilariarekin Aurrekontuez hitz egiteko. Puigdemontekin ostiralean izandako bileran, Aurrekontuen inguruko eztabaidari nola helduko dioten hitz egin zuten, baina ez ei zuten mamiaz hitz egin.
CUPen proposamen batzuek Aurrekontuetan isla izatea nahi du Anna Gabrielek, hala nola, Estatu espainiarrarekin hausteko borondatea, aldebakarreko independentziari buruzko erreferenduma egiteko diru-partidak eta murrizketen amaiera.
Irailaren 28a baino lehen Puigdemontekin beste bileraren bat egingo ote duten galdetuta, hitz egiten jarraitzeko prest agertu da: "Beharrezkoak diren bilera guztiak egingo ditugu".