Politika -
Datorren igandean izango da
200.000 katalanek baino gehiagok eman dute izena aurtengo Diadarako
2015eko datuekin alderatuta, 60.000 pertsona gutxiago dira, oraingoz. Subiranotasunaren aldeko indarren arteko batasuna aldarrikatu dute deialdiaren antolatzaileek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
200.000 herritarrek baino gehiagok eman dute izena dagoeneko Kataluniako independentziaren aldeko manifestazioan parte hartzeko. Diada, urtero bezala, irailaren 11n izango da, igandean, eta subiranotasunaren aldeko indarren arteko batasuna aldarrikatu dute deialdiaren antolatzaileek. Gainera, adierazi dutenez, aldebakarreko erreferenduma ez da mobilizazioren ardatza izango.
Horrela azaldu dute Jordi Sanchez ANC Kataluniako Batzorde Nazionaleko presidenteak eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak, aurtengo Diadaren kartela aurkezteko ekitaldian. 'Ametsa gara, prest gaude' lelopean egingo dute, eta hainbat esku puntu hori baten azpian altxatuta ikus daitezke kartelean. Antolatzaileen arabera, etorkizuna "katalanen esku" dagoela adierazi nahi izan dute horrekin.
Izena eman dutenen kopuruak behera egin badu ere, mugimendu independentistan "nekerik edo amorrurik ez" dagoela azpimarratu du ANCko presidenteak. Izen-emateen erritmoa arindu egin da azken egunotan, horren hitzetan, eta azken astean gehiago areagotzea espero dute. "Diada handia eta jendetsua izango da berriro", iragarri du.
Sanchezen arabera, aldebakarreko erreferenduma ez da mobilizazioren ardatza izango, "mobilizazio anitza eta bateratua bermatzeko", baina erreferendum horren aldeko aldarrikapenak egingo dira hainbat hitzalditan.