Politika -
Gobernu osaketa
Sanchez aldaketaren alderdiekin batera gobernua osatzen saiatuko da
PSOEko idazkari nagusiak gobernu 'garbi', 'demokratiko' eta 'sinesgarria' defendatu du eta gobernu hori Rajoyrekin 'bateraezina' dela gaineratu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak aldaketaren aldeko alderdiekin batera gobernu alternatiboa osatzen saiatzeko konpromisoa hartu du eta lan horretan "atsedenik gabe, umiltasunez eta eskuzabaltasunez" arituko dela gaineratu du. Galiziako Alderdi Sozialista urteroko jaia egiten ari da gaur eta bertan egin ditu adierazpenok Pedro Sanchezek.
Inbestidura saiora "boto nahikorik gabe" eta "harrokeriaz gainezka" aurkeztu izana leporatu dio Sanchezek Rajoyri. "Diputatuen Kongresuko indarrek demokratikoki eta modu legitimoa garaitu dute", ziurtatu du.
PSOE alderdi koherentea dela ere nabarmendu du. "Zin egin genizuen ez genuela Mariano Rajoy Gobernuko presidente izatea babestuko eta gure hitza bete dugu", adierazi du bertaratutako alderdikideen txalo artean.
Bestalde, gobernua osatzeko premiaz ohartarazten dutenei arrazoia eman die, baina gobernu berri horrek "ustelkeriarik gabea, demokratikoa, sinesgarria eta lasaigarria" izan behar duela nabarmendu du Sanchezek. "Eta gobernu hori ez da inoiz Mariano Rajoyrena izango", gaineratu du.