Politika -
PPren zuzendaritzaren bilera
PPk Mariano Rajoyren lidertza berretsi du
Cospedalek esan du ez dagoela PP ez den beste alternatibarik. Mariano Rajoyk Espainiako PPko zuzendaritza elkartu du gaur Madrilen, haren inbestidurak porrot egin ostean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mariano Rajoy PPko presidenteak Espainiako PPko zuzendaritza elkartu du gaur PPren Madrilgo egoitza nagusian, Rajoyren inbestidurak porrot egin ostean gertatutakoa aztertu eta etorkizunerako bidea zehazteko. Inbestidura saioko atzoko bigarren bozketan ere Diputatuen Kongresuak ezetz esan zion Rajoyri.
Bilera 11:30ean hasi da PPren Genova kaleko egoitzan, Mariano Rajoy arratsaldean Txinara abiatu aurretik. G20aren goi-bilera egingo dute igandean eta astelehenean Txinan eta jarduneko Espainiako gobernuko presidentea bertan izango da.
Atzoko inbestidura saioak porrot egin ostean, PP izan da haren zuzendaritza elkartu duen lehendabiziko alderdia. Mariano Rajoyk nahiago izan du egoera politikoa aztertzeko bilera lehenbailehen egin eta Txinako goi-bileratik itzultzea itxaron gabe.
PPko zuzendaritzaren bileraren ostean, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak kazetarien aurrean hitz egin du. Cospedalen esanetan, PPk Ciudadanosekin eta Coalicion Canariarekin sinatutako akordioari eusteko borondatea du, nahiz eta Rajoyren inbestidurak porrot egin ostean akordioa iraungitzat jo, atzo, Ciudadanosek.
PPren zuzendaritzak Mariano Rajoyren hautagaitza berretsi du, haren inbestidurak porrot egin arre. Gaurko bilera batasun giroan egin dutela nabarmendu ostean, 'popularrek' gobernua osatzen saiatzeko "botoen legitimitatea" dutela ere adierazi du. Ildo horretan, PPk ez duela hauteskundeak errepikatzerik nahi azpimarratu du.
Bestalde, Maria Dolores de Cospedalek ziurtatu du ez dagoela PP ez den beste alternatibarik, PSOEk "bidesari onartezinak" onartzen ez baditu behintzat.
Buruzagi 'popularrek' Rajoy presidentearen hautagaitza irmoki defendatu dute, Espainiako presidente kargurako beste hautagai bat aurkezteko eskatzen diotenen aurrean. Hauteskundeak Rajoyk irabazi zituela eta alderdiaren buruzagitzan jarraitzea hari dagokiola nabarmendu dute PPko kideek.
Bilerara sartu aurretik, Alicia Sanchez-Camacho diputatu 'popularrak' ere bere buruzagia defendatu du. "Rajoyren lidergoa inoiz baino sendoagoa da. Atzo, 170 diputaturen babesarekin aurkeztu zen inbestidura saiora, hots, presidente izendatu dituzten beste askok baino diputatu gehiagoren babesarekin".