Politika -
Presoak
Etxerat: '1.000 haurrek pairatzen dituzte sakabanaketaren ondorioak'
Astebururo bidaia luzeak eginda beren bizia arriskuan jartzen dutela, miaketak egiten dizkietela eta askotan bisita egiteko aukerarik gabe uzten dituztela salatu du Etxeratek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Etxeratek jakinarazi du 1.000 ume inguruk sufritzen dituztela sakabanaketa politikaren ondorioak. “Sufrimendu horrekin etekin politikoak lortu nahi dituzte”, salatu du.
Donostian egindako agerraldi batean, Naike Diez eta Patricia Velez Etxeraten bozeramaileak 'Dispertsioaren Haurrak' izeneko dokumentua aurkeztu dute.
Euskal presoen “sakabanaketak eragindako sufrimendua” salatu nahi dutela esan ostean, dispertsioaren “jomuga nagusia” preso horien senideak eta lagunak direla azpimarratu dute.
Presoen senide diren haurrak sakabanaketaren ondorioz sufritzen dituzten ondorioak “larriak” direla dio Etxeratek aipatu txostenean. “Euren bizitza, garapena, afektibitatea eta etorkizuna baldintzatzen duten salbuespeneko neurrien mende dauden haurrak dira”, ohartarazten du.
“Haur hauek eszenatoki bakarra baino ez dute ezagutzen: bizia arriskuan jarriz, astebururo bidai luzeei, detektagailu eta miaketei aurre egin behar diete; eta askotan, ehunka kilometro bidaiatu ondoren bisitarik gabe uzten dituzte”, azaldu du.
Etxerateko bozeramaileek nabarmendu dute “eskubiderik gabeko umeak” direla. “Euren kartzelatutako senideekin elkartrukatzen dituzten gutun guztiak interbenituak dituzten haurren errealitatea da, bisita guztiak grabatuak dituztenak, euren intimitatea bortxatua izaten ari dela badakiten haur batzuen errealitatea. Dispertsio politikarentzat haurren eskubideak ez dira existitzen, dispertsio politikarentzat, eskubideak ez direlako existitzen”.
Horrenbestez, “arduraz jokatzeko” eskaera luzatu die Etxeratek alderdi politikoei eta erakundeei. Bitartean, eskubide urraketak salatzen eta presoen “sakabanaketak eragiten duten sufrimendua” amaitzeko eragile politiko, sozial eta sindikalekin lanean jarraituko dutela azpimarratu dute.