Politika -

Inbestidura saioa

Rajoyk porrot egin du inbestidura saioan

Espero zen moduan, diputatuen gehiengoak PPren hautagaiaren kontrako botoa eman du.

Mariano Rajoyk ez du inbestidurako lehen bozketa gainditu

agentziak | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Diputatuen Kongresuak atzera bota zuen Mariano Rajoy PPren hautagaiaren inbestidura, kontrako 180 botorekin eta aldeko 170ekin.

Rajoyri buruzko bozketa errepikatu egingo da bi egun barru, ostiralean bertan, baina ez du arrakastarako aukera handirik, nahiz eta gehiengo sinplea nahikoa izango lukeen.

Rajoyk 170 boto eskuratu zituen, bere alderdiarenak, Ciudadanosenak, UPNrenak, Foro Asturiasena eta CCrena.

Kontra bozkatu zuten PSOEk (85 diputatu), IU-Podemosek (71) eta beste 24 diputatuk, tartean EAJk, EH Bilduk, PDCk eta ERCk.

Hurrengo bozketa ostiralean izango bada ere, bi hilabeteko epea ireki da orain, eta Felipe VI.a Espainiako erregeak gobernuburu izateko hautagaiak proposatu ahal izango ditu, baina epe hori igaro eta presidenterik aukeratzen ez badute, desegin egingo da Parlamentua, eta hauteskundeak deituko dituzte abendurako.

Bitartean, Rajoyk Espainiako Gobernuko jarduneko presidente izaten jarraituko du, eskumen mugatuekin.

"Iragarritako porrot baten kronika"

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak Mariano Rajoyren hautagaitzari ezetza emango ziola berretsi zuten goizean goizetik, saioaren hasieratik, eta, gainera, eztabaida "iragarritako porrot baten kronika" zela esan zion, babesik gabe eta "lotsatu" beharko lukeen itun batekin joan delako Kongresura.

Gainera, aukera aprobetxatu zuten Rajoyk berak PSOEko idazkari nagusiaren inbestidura saioan, martxoan, egindako kritikei erantzuteko.

Hala, Sanchezen iritzian, Rajoyren agintaldian izandako "gezurrek" eta "ustelkeriak" mesfidantza eragin dute hautagai horren inguruan.

"Erantzukizun apurra"

Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidenteak, bere aldetik, "erantzukizun apurra" eskatu zion Sanchezi, eta gobernatzen uztea, C's-ekin eta Coalicion Canariarekin ituna lortu ostean.

Bien arteko aurrez aurreko eztabaidaren azken txanpan, Rajoyk azpimarratu zuten ez diola Sanchezi akordioa egitea eskatzen koalizio-gobernua osatzeko edo Parlamentuan akordioa lortzeko, Espainiak gobernua izatea ahalbidetzeko baizik.

"Gutxienez, utz gaitzazue agintzen. Ez egin blokeorik eta ez gaitzazue eraman hirugarren hauteskundeetara", erantsi zuen. Rajoyren ustez, badirudi hirugarren hauteskundeak deitu behar izatea dela Sanchezen "nahia".

Sanchezek bere kontra egindako kritikak baztertu ondoren, eta, PPren eta sozialisten eserleku kopurua gogorarazi eta gero, honakoa esan zion Rajoyk: "Ni hain txarra banaiz, zenbateraino zara zu txarra? Ezin txarragoa?".

"Bada garaia"

Pablo Iglesias Podemoseko buruak ere kritikatu zuen Sanchez, gaur-gaurkoz ez delako gai izan aukeratzeko PPren gobernua errazteko aukeraren eta Podemosekin gobernua egiteko aukeraren artean. "Bada garaia aukeratzeko", esan zion.

Rajoyren inbestidura saioan egindako hitzaldian, halere, hitz onak ere izan zituen Sanchezentzat, alderdiaren kanpotik eta barrutik jasotako kritiken aurrean irmo jarraitzeagatik eta PPren gobernua ez ahalbidetzeagatik.

Eskerrak eman zizkion horregatik, baina Podemosekin eta Rajoyren inbestiduraren aurka bozkatuko dutenekin beste aukera bat bilatzea eskatu zion.

"Txarraren eta ez horren txarraren artean"

Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak Mariano Rajoyren inbestidura babestea justifikatu zuen Diputatuen Kongresuan egindako hitzaldian.

"Txarra denaren eta horren txarra ez denaren artean aukeratu behar da", esan zuen, eta espainiarrei hauteskundeak errepikatu behar direla esateko gai ez duela ikusten gaineratu zuen.

'Euskadi nazio bat dela onartzen baduzu, deitu'

Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak Mariano Rajoyren inbestidura saioan nabarmendu zuenez, Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek izenpetu duten gobernu-akordioak agerian uzten du popularrek ez dutela EAJren botorik nahi. Horren harira, jeltzaleek ere ez dutela Rajoyren inbestidura babesteko asmorik berretsi zuen Estebanek, baldin eta Euskadi nazio gisa onartzen ez badute. Euskadirentzako estatus berria aldarrikatu du buruzagi jeltzaleak, eta bide horretan, Estatuarekin harreman berria ezartzearen alde agertu zen. Hori aitortuz gero, jeltzaleei deitzeko esan dio Estebanek Rajoyri: "Bien bitartean, agur".

'PP kanporatzea'

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduren bozeramaileak "PP kanporatzea" eskatu zuen, "mendeku eta errepresio" politikak gainditzeko, eta azpimarratu zuen Arnaldo Otegi lehendakarigai izango dela, "batzuek nahi izan ez arren".

Hankasartzea

Inbestidura saioan egin zuen agerraldietako batean, Rajoyk azaldu zuen astelehenean telefonoz hitz egin zuela Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentearekin, eta zoriondu egin zuela FARCekin lortutako bake akordioagatik. Kontua da bake akordioaren sinadura ofiziala noiz izango den iragarri duela Rajoyk, Kolonbiako herritarrek beraiek jakin baino lehenago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Espainia gaur Gaurko azken ordukoa