Politika -

Inbestidura akordioa

150 neurriko inbestidura akordioa sinatu dute PPk eta Ciudadanosek

Hala ere, hautagai 'popularrak' ez du oraingoz babes nahikorik presidente aukeratua izateko. Rajoyk eta Sanchezek bilera egingo dute astelehenean Kongresuan.

Mariano Rajoyk eta Albert Riverak elkarri bostekoa eman diote akordioa irudikazeko. Argazkia: EFE
Mariano Rajoyk eta Albert Riverak elkarri bostekoa eman diote akordioa irudikazeko. Argazkia: EFE
Rajoyren inbestidura babesteko akordioa lortu dute PPk eta C´s-ek

1:34

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek inbestidura akordioa itxi dute gaur eta eguerdian sinatu dute ituna Kongresuan bi alderdiek Kongresuan dituzten bozeramaileek, Rafael Hernandok (PP) eta Juan Carlos Girautak (Ciudadanos). Aurrez, 12:30ean, Mariano Rajoy PPko buruzagi eta jarduneko Espainiako Gobernuko presidentea eta Albert Rivera Ciudadanoseko burua beren negoziazio taldeekin elkartu dira bi alderdien arteko ituna berresteko.

Behin akordioa lortuta, Ciudadanoseko 32 diputatuek Mariano Rajoyren aldeko botoa emango dute abuztuaren 30ean hasiko den inbestidura saioan; alabaina, hautagai 'popularrak' ez du oraingoz babes nahikorik presidente aukeratua izateko. Ciudadanosekin akordioa lotuta eta Coalicion Canariaren balizko babesa kontuan hartuta, Rajoyk aldeko 170 boto izango lituzke. Gauzak horrela, Mariano Rajoyk aldeko 6 boto beharko lituzke abuztuaren 31n egingo den lehendabiziko bozketan presidente aukeratua izateko (176 boto), eta asteazkenean helburua lortuko ez balu irailaren 2ko bozketan gutxienez 11 abstentzio beharko lituzke (gehiengo sinplea nahikoa du bigarren bozketan).

Rajoyren inbestidurara begira PPk eta Ciudadanosek lorturiko akordioaren ostean, Rajoy eta Rivera pozik mintzatu dira kazetarien artean, nahiz eta  onartu duten bi alderdien eta Coalicion Canariaren batuketa (170 boto) ez dela nahikoa.

Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, aldeko boto horiek lortuta PPk bere "eginkizuna" bete duela duela azpimarratu du Mariano Rajoyk, nahiz eta onartu duen boto horiek ez direla nahikoak. Ildo horretan, beste alderdi batzuek beren jarrera aldatu ezean Espainiak ezingo duela "normaltasuna berreskuratu" gaineratu du.

Hori dela eta, astelehenean Pedro Sanchezekin bilera egiten duenean hauteskunde orokorrak errepikatzea nahi duen ala ez galdetuko diola esan du Rajoyk. Azaldu duenez, PSOEk baino 52 eserleku gehiago dituela eta espainiarrek hala esan dutelako PPk agintzea "arrazoizkoa, demokratikoa eta zentzuzkoa" ei dela ere esango dio Sanchezi.

Kazetarien galderei erantzunez, Rajoyk azaldu du inbestidura saiora bigarrenez aurkezteko prest dagoela baldin eta asteartean hasiko den inbestidura saioan porrot egiten badu. Ildo horretan, adierazi du balizko bigarren inbestidura hori EAEn eta Galizian irailaren 25ean egingo diren hauteskundeen aurretik ere egin litekeela.

Bestalde, Mariano Rajoyk azpimarratu duenez Konstituzioaren erreforma egiteko Ciudadanosekin hartutako konpromisoak ez du esan nahi Konstituzioaren erreforma egingo denik. Dena den, Konstituzioa aldatzekotan Espainiaren batasuna eta espainiarren aukera, eskubide eta eginkizun berdintasuna bermatuko litzatekeela gaineratu du.

Mariano Rajoy, EFE

Mariano Rajoy kazetarien aurrean egin duen agerraldian. Argazkia: EFE

Albert Rivera Ciudadanoseko burua pozik agertu da haren alderdiak PPrekin lortu berri duen akordioagatik eta, haren esanetan, Ciudadanosek Espainiako egoera politikoa desblokeatzeko egin duen ahalegina nabarmendu du. Hala, Ciudadanos bezala jokatzeko deia egin die beste alderdiei, harik eta blokeo egoera askatzeko eta gobernu berria osatzeko.

Riverak azpimarratu duenez, gaur PPrekin sinatutako dokumentuan dauden 150 neurrietako 100 Ciudadanosek eta PSOEk Pedro Sanchezen inbestidurarako adostutako hitzarmenenean jasota zeuden.

Kazetarien aurrean egindako agerraldian, "Espainia hobetzeko 150 konpromiso" izeneko inbestidurarako akordioaren ildo nagusiak zerrendatu ditu Riverak.

Riveraren hitzetan, azken 35 urtean Espainian egin diren erreforma sorta handiena da eta, ildo horretan, itun horrekin gizarte politikan egindako murrizketei amaiera emango zaiela gaineratu du.

Rajoy eta Sanchez Kongresuan elkartuko dira astelehenean

Mariano Rajoy PPko buruzagi eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak bilera egingo dute astelehenean, 13:00etan, Espainiako Diputatuen Kongresuan, bi alderdietako iturriek jakinarazi dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Alderdi Popularra Rajoy Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Espainia bideoak Ciudadanos Albisteak Albert Rivera albisteak