Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Urkullu: 'Bakerako Plana gehiago hobetu daiteke'

EAJren presidenteak uste du Hezkuntza Planaz hitz egin daitekeela, baina ez Bakerako Planaz, eta 'biktima kontzeptua' zabaldu egin behar dela adierazi du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak adierazi duenez, Elkarbizitzarako eta Terrrorismoari Zilegitasuna kentzeko Plana "hobetu egin daiteke", baina hezkuntza sistemari dagokionez "egokia da".

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Bakerako Hezkuntza Planari buruz Eusko Jaurlaritzarekin duten negoziazioa izan du hizpide. Atzo, EAJrekin "gutxiengo akordio" batera iritsi zirela iragarri zuen PSEk, baina ordu batzuk geroago Joseba Egibarrek zehaztu zuen aurrerapausoak eman zirela, baina "adostasun osorik" ez zegoela.

Gauzak horrela, Urkulluk esan du une honetan Hezkuntzarako Planaz hitz egin daitekeela, baina ez "Bakerako Planaz". Hezkuntza sistemari, kurrikulumari edota ikastetxeen autonomiari buruz aipatzen dena "egokia da".

Alabaina, bakegintzari eta giza-eskubideei dagokionean, plana hobetu egin daitekeela nabarmendu du. Ildo horretan, Terrorismoaren Biktimen Zuzendaritza prestatzen ari den txostena lagungarri izango denaren itxaropena agertu du. Urkulluk uste du plan horrek beste biktima politiko batzuk ere kontuan izan behar dituela: "Biktima kontzeptua zabaldu behar da, egun legeak biktimatzat jotzen duenetik harago".

Laburbilduz, Iñigo Urkulluk azpimarratu du, urratsak eman direla, baina oraindik gehiago egin behar dela "plana osatutzat emateko". "Plana oraindik partziala, baina denborarekin zuzenduko dela uste dut", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea