Politika -
Inbestidurako akordioa
Urkulluren aburuz, PP-C's itunak autogobernua mehatxa dezake
Kritikatu egin du bi alderdi horiek Estatuaren erreformez hitz egiten dutela, benetan behar dena "Estatu plurinazionala berriro eratzea" denean.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak ohartarazpena egin die gaur euskal herritarrei; izan ere, bere aburuz, "PPren eta Ciudadanosen arteko itun batetik autogobernua mehatxuan jartzeko arriskua" etor daiteke.
Urkulluk Donostiako Hipodromoan egin ditu adierazpen horiek, Eusko Jaurlaritza Sari Nagusia zaldi-lasterketa ikusten sartu aurretik.
EAJren lehendakarigaiak "ohartarazpena" egin die euskal herritarrei "jakitun izan daitezen" zein diren euskal autogobernuaren sustraiak eta ezaugarriak. Horren hitzetan, bere alderdiak autogobernuan "lan egiten jarraitu nahi du", gizartearen ongizatearen alde.
Alderdi Popularraren eta Ciudadanosen arteko balizko itunaren aurrean, "erne gaude gure autogobernuarentzat mehatxua izan daitekeenaren aurrean", azpimarratu du Urkulluk.
Lehendakariak kritikatu egin du bi alderdi horiek Estatuaren erreformez hitz egitea, benetan behar dena "Estatu plurinazionala berriro eratzea" denean.
Ciudadanosek politika egiteko daukan moduari buruz galdetuta, Urkulluk esan du jeltzaleek mehatxua antzematen dutela alderdi horrek Kontzertu Ekonomikoaren aurka erabiltzen duen arrazoibidean, eta alderdi nazionalistekin hitz egin nahi ez duela ikusita.
EAJ PSOEk zuzendutako gobernu bat babesteko prest egongo litzatekeen ere galdetu diote, eta horren aurrean Urkulluk erantzun du Alderdi Sozialistak abenduaren 20ko hauteskundeetatik daukala mahai gainean "euskal agendaren edukia".
Bestalde, Urkulluren esanetan, Estatuan dagoen "akordio gabezia" eta Euskadin dagoen errealitatea oso bestelakoak dira. "Adostasunak bilatzeko asmoak desberdintzen gaitu", nabarmendu du lehendakariak.