Politika -

Gobernu eraketa

Rajoyk 'zentzuz' jokatzeko eskatu dio PSOEri

Bere aburuz, Gobernurik gabe egotea "egoera zentzugabea" da, eta Podemosekin "inolako akordiorik" izango ez duela gaineratu du.

Rajoy, gaurko paseoaren ostean. EFE

'Zentzuz jokatu' eta abstenitzeko eskatu dio Rajoyk Sanchezi

1:34

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy jarduneko Espainiako presidenteak PSOEk azkenean "zentzuz" jokatuko duen guraria agertu du, zeren "hau ez dago aguantatzerik", Gobernurik gabe egotea "egoera zentzugabea" delako.

Paseo luze bat egin eta kafea hartu ostean, hedabideen aurrean adierazpenak egin ditu Ribadumia udalerrian (Pontevedra), eta, esan duenez, hirugarren hauteskunde batzuk egitea "burugabekeria litzateke, Europako inongo herrialdetan gertatzen ez dena".

"Guztiari ezetz esaten egoteak ez du zentzu askorik", baieztatu du Rajoyk, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiari erreferentzia zuzena eginez; izan ere, PPren balizko gobernu bat ahalbidetzeari eta alderdi horrek aurkeztuko lituzkeen 2017ko balizko aurrekontu orokorrak babesteari uko egingo diola adierazi du aurreko egunetan sozialisten buruak.

Berak saiatu egin behar duela azpimarratu du popularren arduradun nagusiak, eta hala egingo duela gaineratu du, zeren "PSOE gobernuko alderdi bat, askotan izan da gobernuaren buru, eta bere botoak beharrezkoak dira Espainiak gobernu bat izan dezan".

"(Ciudadanosekin eta Coalicion Canariarekin) akordioa lortuz gero, oraindik ez litzateke nahikoa izango. Nire asmoa PSOEren idazkari nagusiari hots egitea da, zerbait eraikitzeko gai garen ikusteko, hori baita orain garrantzitsuena, ezin baikara gobernurik gabe egon".

"Gobernua eratzea dagokigu, zentzuak esaten duena da", are gehiago bi hauteskunde deialdi igaro ostean, "zentzugabekeria bailitzateke berriz ere errepikatzea".

Akordiorik ez Podemosekin

PSOErekin hitz egiteko PPk inbestiduran porrot egiteari itxarongo diola esan zuen Podemosek astean zehar, eta horren gainean Rajoyk esan du ez duela "inolako akordiorik" izango alderdi morearekin.

"Podemosek bere emaitzak izan ditu, Espainiako gizartearen parte garrantzitsu baten ordezkaritza dauka, baina PSOEren eta Podemosen arteko batura ez litzateke nahikoa izango, alderdi independentista batzuen babesa ere beharko lukete", azaldu du. Horren aurrean, Rajoyk esan du egoera hori ez zaiola iruditzen konponbide ona Espainiarentzat: "Are gehiago, nahiko txarra iruditzen zait", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PSOE Albisteak Alderdi Popularra Mariano Rajoy Espainiako Gobernua Alderdi politikoak bideoak Pedro Sánchez albisteak Ciudadanosi buruzko albisteak Gaurko azken ordukoa Podemos