Politika -
Hauteskunde Batzordeen aurrean
EH Bilduk zerrendak aurkeztu ditu; Otegi, lehendakarigaia
Hilaren 23an bilduko da Gipuzkoako Hauteskunde Batzordea, aztertzeko Otegi hautagaia izan daitekeen ala ez. Erabaki horren aurka, segur aski, helegitea jarriko dute.
Agentziak | Erredakzioa
Asteazken honetako lehen orduan, EH Bilduk zerrendak formalizatu ditu Euskadiko hauteskunde batzorde probintzialetan. Arnaldo Otegi izango da koalizio abertzalearen lehendakarigaia irailaren 25eko hauteskundeetan, aurreikusita zegoenez.
Otegiren hautagaitza Gipuzkoako Hauteskunde Batzordean aurkeztu dute. Abuztuaren 23an aztertuko du batzorde horrek EH Bilduren agintaria irailaren 25eko hauteskundeetan aurkeztu ahal den. Erabakia hartzeko, Auzitegi Nazionalaren dokumentazioa aztertuko du, 2021era arte kargudun izateko gaitasungabetu baitzuten, horren arabera.
Maddalen Iriarte da Gipuzkoako bigarrena. Araban, Miren Larrion da zerrendaburua, eta Bizkaian, aldiz, Jasone Agirre.
Datak eta epeak: Otegi aurkeztu ahal izango den jakiteko bidea
Hautagaitzak erregistratzeko epea abuztuaren 22an amaituko da; hortaz, hauteskunde-organoa biharamunean bilduko da, Otegi bozketetan aurkeztu ahal den aztertzeko.
Gipuzkoako Hauteskunde Batzordea ez da sakonean sartuko; hura gaitasungabetzeko epairik dagoen baieztatu besterik ez du egingo. Halakorik aurkituz gero, Otegik ezingo luke hautagai izan, Europa Pressi iturri juridikoetatik azaldutakoaren arabera. Hautagaiak abuztuaren 29an aldarrikatuko dituzte behin betiko, eta biharamunean argitaratuko dituzte EAEko Aldizkari Ofizialean.
Batzordeak Otegi hautagai aldarrikatuko balu, Fiskaltzak edo alderdiek erabaki horren kontra helegitea jartzeko aukera izango lukete; PPk, Ciudadanosek eta UPyDk hala egingo luketeela aurreratu dute.
Otegi ezin dela aurkeztu erabakiko balu, berriz, Otegiren abokatuak, Iñigo Iruinek, aurkeztuko luke helegitea. Bi egun izango lituzke horretarako, eta Donostiako Epaitegian aurkeztu beharko luke.
Epaitegiak irailaren 2ra arte izango luke ebazteko. Irailaren 4ra arte izango litzateke ebazpenaren aurka helegitea jartzeko aukera Auzitegi Konstituzionalean.
Konstituzionalak irailaren 7ko gaueko hamabiak arte izango luke Otegi hautagai izan daitekeen ala ez ebazteko. Irailaren 9an hasiko da hauteskunde-kanpaina.
UPyDk proposamena egin die PP, PSE eta Ciudadanosi: Otegiren hautagaitza elkarrekin inpugnatzea
Gorka Maneiro UPyDko bozeramaileak proposamena egin die PP, PSE eta Ciudadanosi: interes alderdikoiak baztertu eta elkarrekin inpugnatzea Arnaldo Otegi hautagai duen EH Bilduren zerrenda, baldin eta azkenean Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak hautagaitza hori onartuko balu.
Ohar batean, Maneirok adierazi du balizko komuneko inpugnazio horrek "batasuneko irudia" emango lukeela, "batasun konstituzionalista eta demokratikoko irudia, ETAren zerbitzu osagarrien aurrean, eta Zuzenbidezko Estatuari burla egin eta biktimak mespretxatu nahi dutenen aurrean". "Abertzaleak biltzen dira euren helburuen alde sendoago egiteko; beraz, abertzaleak ez garenok ere ez genuke zertan konplexurik izango gauza bera egiteko", esan du.
Maneiroren esanetan, "Otegik ez du hautagaia izaterik, eta berak badaki"; izan ere, "2011ko epai batek hala dio, gaitasungabetuta dagoela kargu publikorako".
Covite Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak, berriz, Gipuzkoako Hauteskunde Batzarrari Arnaldo Otegiren hautagaitza bertan behera uztea agintzeko eskatu dio Auzitegi Nazionalari.
Ohar batean, Covitek esan du Auzitegi Nazionalak Otegi terrorismoaren delitua egotzita kondenatu zuen epaia betearazi behar duela, eta hori ofizioz egiteko aukera duela; izan ere, "Konstituzioak, 117.3 artikuluan, eskumena ematen die auzitegiei epaitua epaitu eta epaia betearazteko", Coviteren esanetan.