Politika -
Rajoyren inbestidura
PSOE PPren beste hautagai bat babesteko prest legokeela esan du Icetak
Rajoyk inbestiduran porrot egiten badu, "hainbat posibilitate" egongo direla esan du PSCko lehen idazkariak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Miquel Iceta PSCko buruak berretsi du PSOEk ezetz bozkatuko duela Mariano Rajoyren inbestiduran, baina "beste hautagai bat, PPkoa izan edo ez", babesteko prest agertu da.
El Pais egunkarian egindako elkarrizketa batean, sozialista kataluniarra PSOEren immobilismoaren alde agertu da, babesak lortzea PPri dagokiola argudiatuta.
Gainera, Rajoyk zeregin horretan porrot egiten badu, "hainbat posibilitate" egongo direla zehaztu du: "PPren beste hautagai bat, beste alderdi baten hautagai bat edo hautagai independente bat".
Bestalde, Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiarekin ados ez dagoela esan du (Rajoyren inbestiduran abstenitzea eskatu du).
"PSOEren jarrera zuzena da. […], baina badirudi presio osoa PSOEk duela, eta Rajoyri galdetu beharko genioke zer eskaintzeko prest dagoen", gaineratu du.
PPren erantzuna
Bere aldetik, Fernando Martinez Maillo PPko Antolakuntza idazkariordearen arabera, Icetaren proposamena "ez da serioa", eta "udako beroaren ondorio da".
Maillok nabarmendu du PP izan dela bi hauteskundeetako irabazlea, eta "herritarrek hauteslekuetan adierazitakoa ezin dute hauteskundeak galdu dituztenek aldatu", erantsi du.
Horren esanetan, PPk PSOErekin negoziatu nahi du, "baina badirudi inbestidurak porrot egitea nahiago duela".