Politika -

EAE-KO HAUTESKUNDEAK

Otegi: 'Normaltasun demokratiko osoarekin izango naiz hautagaia'

EH Bilduren lehendakarigaiaren esanetan, "Auzitegi Nazionalaren, Auzitegi Gorenaren eta Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziak" ematen dio abala.

Arnaldo Otegi, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Arnaldo Otegi, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Arnaldo Otegi, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegik esan du "normaltasun demokratiko osoz" izango dela EH Bilduren lehendakarigaia; izan ere, bere esanetan, Auzitegi Nazionalaren, Auzitegi Gorenaren eta Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziak ematen dio horretarako abala.

SER irrati-katean egin dioten elkarrizketa batean (Europa Pressek zabaldu du), Otegik esan du men egingo liokeela Auzitegi Konstituzionalaren erabakiari, eta EH Bilduren zerrendetatik kanpo izango dela Auzitegiak hala ebatziz gero, baina nabarmendu du ziur dagoela: horren iritziz, hautagaia izango da, eta hurrengo Legebiltzarrean izango da. Gainera, "demokrazian, nahieraneko gaitasungabetzeak mahaigaineratzen dituzten Justizia ministroak egotea" deitoratu du, eta, bere ustez, "turkiar erako erantzuna" ematen ari direla azpimarratu du.

Otegik adierazi du ez dakiela seguru hautagaitza asteazken honetan bertan aurkeztuko duten ala ez (hautagaiak Hauteskunde Batzordeetan aurkezteko epea asteazkenean hasiko da), baina ez dutela denborarik alferrik galduko eta zerrenda prest dagoenean Gipuzkoako Hauteskunde Batzordean aurkeztuko dutela esan du.

Nolanahi ere, horren iritzian, "zalantzarik gabe", bera izango da EH Bilduren zerrendaburua Gipuzkoan, "normaltasun demokratiko osoz; ez da probokazioa, edo ernegatzeko nahia, baizik eta erabateko normaltasun demokratikoa praktikan jartzea".

"Auzitegi Nazionalaren jurisprudentziak ematen dit abala"

"Niri Auzitegi Nazionalaren jurisprudentziak ematen dit abala, bai eta Auzitegi Gorenarenak eta Konstituzionalarenak ere. Hori, ikuspegi juridikotik, inolako zentzurik ez duen eztabaida da", azaldu du.

"Hala ere, ados nago Erkoreka jaunarekin, Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearekin: garrantzitsuena ez da gaitasungabetzen nauten ala ez; demokraziari bai edo ez esatea, hori da arazoa", erantsi du.

Horren aburuz, beste kontu batek erakusten du "demokrazia eredua ez dela benetan aurreratua": "XXI. mendean Justizia ministro batek mahaigaineratzea nahieraneko gaitasungabetzeak, eta komunikabide publikoetatik egitea, gainera".

"Nik uste dut bere garaian Turkiak kopiatu egin zuela Espainiako Estatuaren Alderdien Legea, eta, demokrazia bai ala ez eztabaidaren aurrean, batzuek nahi dute eman turkiar erako erantzun bat", Otegiren esanetan.

Calparsoro: "Hasiera batean, Otegi ez da hautagaia izango; epai irmoa dago”

Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiaren hitzetan, aldiz, Otegi ez da, hasiera batean behintzat, "EH Bilduren hautagaia izango; izan ere, epai irmoa dago, eta, hortaz, ezingo da aurkeztu" irailaren 25eko hauteskundeetara.

Calparsorok adierazi duenez, hala ere, arau juridiko jakin batzuek hainbat interpretazio onartzen dituzte, eta, hortaz, EH Bilduk badu gaitasuna baldintzak betetzen dituen eta oinarriek aukeratu duten hautagai bat aurkezteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi berriak Politika Hauteskundeak Euskadin 2024 Alderdi politikoak berriak EH Bildu Nafarroa Eguneko albisteak