Politika -
EAEko hauteskundeak
Nicolas de Miguel, Ciudadanoseko lehendakarigaia
"Afiliatuen babesaren gehiengoa" jaso du, alderdiak zerrendaburua hautatzeko egin duen prozesuan.
Agentziak | Erredakzioa
Nicolas de Miguel izango da Ciudadanoseko lehendakarigaia, irailaren 25eko hauteskundeetan, alderdiak zerrendaburua hautatzeko egin duen prozesuan "afiliatuen babesaren gehiengoa" jasota. Hala eman du jakitera Ciudadanosek ohar batean.
1963an jaio zen De Miguel, Donostian, eta Historian lizentziaduna da (Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen). Enpresa publiko eta pribatuan egin du lan, "negoziazio-buru, fruta-biltzaile, artikulugile eta Osakidetzan ACCko arduradun", azaldu du Ciudadanosek.
Alderdiak nabarmendu du De Miguel "gizarte-arazo eta erronkekin konpromisoa duen herritarra" dela; Eurobasken presidenteorde ere egon da (2011tik 2013ra) eta hainbat erakundetako kidea da, hala nola Gurutze Gorrikoa, Gehitukoa edo AFAGIkoa.
Ciudadanosen hautagaiaren esanetan, alderdia "gizarteari zerbitzua egiteko" sartuko da Legebiltzarrean, "ez gizarteaz baliatzeko". "Gardentasunaren alde egingo dugu lan, ahaleginduko gara erreformak bultzatzen, xede izanik herritarren zerbitzura egongo den tresna bilakatzea euskal politika", adierazi du De Miguelek.
Hautagaiak eskertu du kideen babesa, eta harro ageri da, "Euskadik behar duen egitasmo honetan buru izateko aukera emateagatik"; izan ere, herritarrek "merezi dute konprometitutako egitasmo bat, populismo eta abertzaletasunetatik at".
Iñaki Quintanaren babesa
Hauteskunde primarioetan parte hartu duen beste hautagai Iñaki Quintanak, halaber, "babes osoa" eman dio Nicolas de Migueli; izan ere, azken horrek jaso du "alderdiaren eta euskal afiliatuen konfiantza".
"Seguru nago: gaitasuna izango du lortzeko Ciudadanosek behar duen ordezkaritza parlamentarioa lortzeko, gure hastapenak eta balioak euskal politikan agerian egon daitezen; gai izango gara euskal erakundeak herritarrei gerturatzeko", esan du, ohar batean.