Politika -

Presoak

Etxeratek 'atzerapausoa' ematea egotzi dio Urkulluri

Lehendakariak ez zien urteroko harrera egin Etxerateko kideei Loiolan. Presoen senideek tamalgarritzat jo dute Urkulluren jarrera eta 'kalkulatutako keinua' izan zela adierazi dute.

Urtzi Errazkin Etxerat presoen senideen elkarteko bozeramailea. Argazkia: EiTB
Urtzi Errazkin Etxerat presoen senideen elkarteko bozeramailea. Argazkia: EiTB
Urtzi Errazkin Etxerat presoen senideen elkarteko bozeramailea. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxerat presoen senideen elkarteak dispertsio politikari dagokionez "atzerapausoa" ematea leporatu dio gaur Iñigo Urkullu lehendakariari.

Urtero legez, Etxeratek Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat hondartzatan (Deba, Zarautz, Orio, Laida, Lekeitio, Ondarroa, Bakio, Muskiz, Mutriku, Laidatxu, Ea eta Donostia) protesta ekitaldiak egin ditu gaur sakabanaketa politika amaitzea eskatzeko, eta bertan hitz egin du Urtzi Errazkin Etxerateko bozeramaileak.

Errazkinek Urkullu kritikatu du lehendakariak ez zielako Etxerateko kideei harrera egin astelehenean Loiolan eta uko egin ziolako presoen senideen elkarteak urtero lehendakariari ematen dion txostena berak jasotzeari.

"Ongi kalkulatutako keinua izan dela eta Urkulluk bere axolagabekeria antzeztu nahi izan duela uste dugu. Dispertsio politikarekiko, haren ondorioekiko eta pairatzen duten hiritarrekiko atzerapausoa eman du (Urkulluk)", azpimarratu du.

Lehendakariak pasa den astelehenean izan zuen jarrera tamalgarritzat jo du Etxeratek, batez ere, lehendakariak giza eskubideekiko duen "erantzukizun saihestezina" dela-eta. Etxeraten esanetan, Urkulluren jarrera are larriagoa da presoen senideek elkarteak dispertsioak haur eta adingabeengan duen eragina aztertu duelako urteroko txostenean.

"Urkulluren gisako jarrerak izan arren, euskal gizarteak dispertsio politika desaktibatzea lortuko du", nabarmendu du Errazkinek.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Urkullu Eusko Jaurlaritza berriak Presoak Gaurko azken ordukoa