Politika -
garapen ekonomikoa
De Andresen aburuz, 'Euskadi susperraldiaren atzeko aldean dago'
Euskadiko PPren idazkariordeak azaldu duenaren arabera, beharrezkoa da "klima erakargarri bat" eratzea Euskadin enpresak sortzeko asmoz.
Agentziak | Erredakzioa
Javier de Andres Euskadiko PPren idazkariordeak gaur berretsi duenez, Euskadi "Espainiako susperraldi ekonomikoaren atzeko bagoian geratzen ari da"; eta, horren aurrean, Euskadin enpresak sortzeko "klima erakargarri bat" eratzea beharrezkoa dela adierazi du.
De Andresek adierazpen horiek egin ditu Andre Maria Zuriaren jaien barruan Gasteizen egin duten Artisautza eta Gastronomia Azokan.
Ekainean EAEn sortutako enpresen kopurua izan du hizpide (kopuru hori % 1,9 areagotu zen aipatu hilean; aldiz, Espainian, % 12,7), eta datu hori esku artean izanda Euskadi berriro ere atzean geratzen ari dela salatu du, "alde egiten duten enpresak daudelako eta beste batzuk saldu egiten direlako, eta ez direlako enpresa berriak sortzen".
Bere iritziz, datu horiek baieztatu egiten dute EAE "Espainian ematen ari den susperraldi ekonomikoaren atzeko bagoian geratzen ari da", zeren autogobernuaren tresnen erabilera, Kontzertu Ekonomikoa kasu, "ez da ona izan".
Zentzu horretan, deitoratu egin du Kontzertu Ekonomikoa aberastasuna sortzera bideratu beharrean, euskal erakundeek "enpresentzat horren interesgarria ez den sistema fiskal bat sortzeko" erabili dutela.
Hori dela eta, bere esanetan "ezinbestekoa da Euskadi berriro enpresen inbertsiorako toki erakargarri bihurtzea". "Autogobernua modu egokian erabiltzen bada soilik helduko dira enpresa berriak Euskadira", gaineratu du.
De Andres irailaren 25eko hauteskunde autonomikoetara begira bere alderdiaren hauteskunde-programa lantzeko ardura dauka, eta, esan duenez, Euskadiren susperraldi ekonomikoa oso presente egongo da agiri horretan.