Politika -

Auzitegi Konstituzionala

Konstituzionalak bertan behera utzi du Kataluniako bide orria

Gainera, ebazpena ez betetzeak izan ditzakeen ondorioez ohartarazi die Auzitegi Konstituzionalak Carme Forcadelli eta Carles Puigdemonti, besteak beste.

Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko argazkia: EFE
Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko argazkia: EFE
Puigdemont: 'Herritarrekin dugun konpromisoa beteko dugu'

1:17

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak aho batez bertan behera utzi du "deskonexio prozesua" abiatzeko aurreko astean Kataluniako Parlamentuak onartutako ebazpena eta, gauzatuz gero, Espainiako Gobernuak eskatutako neurriak hartzeko lehendabiziko pausoa eman du; hala nola, isunak ezartzeko edota ardura dutenen kontrako prozedura penala abiatzeko.

Konstituzionaleko iturriek adierazi dutenez, ordu eta erdiko bileraren ondotik hartu dute erabakia Auzitegi Konstituzionala osatzen dute hamaika epaileek. Gaurko erabakiak ez du aipaturiko neurriak berehala aplikatzea ekarriko, baina neurri horiek gauzatzeko lehen pausoa ei da.

Ildo horretan, Auzitegi Konstituzionalaren erabakia nola betearaziko duten zehazteko eskatu die Konstituzionalak Carme Forcadell Kataluniako parlamentuko presidenteari, Parlamentuko Mahaiari eta Parlamentuko idazkari nagusiari.

Gainera, Estatuko Abokatutzak ostiralean egindako baliogabetasun eskariaren berri emango diete Fiskaltzari eta Kataluniako parlamentuari. Bestalde, Auzitegi Konstituzionalak 20 eguneko epea eman die aldeei helegiteak aurkezteko.

Konstituzionalak erabakiaren berri jakinaraziko die Carme Forcadell Kataluniako parlamentuko presidenteari, Parlamentuko Mahaiko gainerako kideei eta Parlamentuko idazkari nagusiari, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari eta Generalitateko Gobernu Kontseiluko gainerako kide guztiei.

Bestalde, ebazpena ez betetzeak izan ditzakeen ondorio penalez ohartarazi die Konstituzionalak goian aipaturiko horiei guztiei, Forcadell eta Puigdemont barne.

Erreakzioak

Raül Romeva Kataluniako Gobernuko Atzerri Gaietarako kontseilariak gaur adierazi duenez, "estatu espainiarrean Auzitegi Konstituzionalak du politika egiteko eskumena eta nahiko paradoxikoa da hori botereen banaketatik begiratuta". "Harrigarria da parlamentu batek edozein gaiez hitz egin ahal ez izatea", salatu du Romevak TV3 telebista kateari eskainitako elkarrizketan.

Independentziarako bide orriarekin aurrera jarraitzeak izan ditzakeen ondorio penalez galdetuta honakoa erantzun du Romevak: "Oso jakitun gara zer egitera etorri garen eta zer ondorio izan ditzakeen".

Bestalde, Mireia Vehi CUPeko diputatuak nabarmendu duenez, haren alderdiak ez du Auzitegi Konstituzionalaren erabaki bat bera ere obedituko eta prozesu konstituziogilearekin aurrera egingo du.

Anna Gabriel CUPeko diputatuak ohartarazi du Carme Forcadell edota Kataluniako beste hautetsiren baten gaitasungabetu balute, "herrialde erantzun bat egongo da, hain larria den gertaera baten aurrean".

Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakiaren ondoren Kataluniako erakundeek "zentzua" berreskuratuko dutenaren itxaropena agertu du Xavier Garcia Albiol Kataluniako PPko koordinatzaile nagusiak. Albiolek azaldu duenez, Konstituzionalaren erabakia "oso positiboa" da eta begi onez hartu du helegiteak aurkezteko auzitegiak Kataluniako Parlamentuari eman dion 20 eguneko epea.

Joan Tarda ERCk Espainiako Diputatuen Kongresuan duen diputatuak Konstituzionalaren erabakia gaitzetsi du eta ERCk auzitegiaren erabakia ez betetzearen aukera mahai gainean jarri duela adierazi du. "Kataluniako Parlamentuaren erabakiari leialak izango gara. Erabakiari men egin behar ez bazaio, ez diogu men egingo erabakiari", azaldu du Catalunya Radion.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Espainiako Gobernua Espainia argazkiak Gaurko azken orduko albistea Espainiako Auzitegi Konstituzionala