Politika -
Prozesu independentista
Konstituzionalak Kataluniari emango dion erantzuna erabakiko du gaur
Ezohiko osoko bilkura deitu du Auzitegiko presidenteak 12:30ean, Estatuko Abokatutzak ostiralean aurkeztutako eskakizuna aztertzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Konstituzionalak osoko bilkura egingo du gaur, Kataluniako Parlamentuaren azken erabakiaren aurrean hartuko beharreko neurriak erabakitzeko. Era berean, Carme Forcadell Ganberako presidentearen aurka bide penal zabaltzea eskatu zuen Gobernu zentralak, auzitegiaren agindua ez betetzeagatik.
Auzitegi Konstituzionalaren erabakirik beteko ez dutela ziurtatu du Benet Salellas CUPeko diputatuak.
Ezohiko osoko bilkura deitu du Francisco Jose Perez de los Cobos Auzitegiko presidenteak 12:30ean, Estatuko Abokatutzak ostiralean aurkeztutako eskakizuna aztertzeko.
Kataluniako Parlamentuak iragan asteazkenean onartutako ebazpena eragin juridikorik gabe eta baliogabe uzteko eskatu dio Gobernuak Auzitegi Konstituzionalari. Junts pel Sik eta CUPek babesa eman zioten ekimenari, independentzia lortzeko aldebakarreko bideari hasiera emanez.
Men ez egitea
Onartutako testua Auzitegi Konstituzionalari men ez egitea dela uste du Espainiako Exekutiboak, baina baita “Espainiatik bereizteko benetako egitasmo” bat ere.
Azaroaren 9an onartutako “deskonexio” adierazpena baliogabe utzi zuen Auzitegi Konstituzionalak 2015eko abenduaren 2an.
Sententzia horren desobedientzia ikusita, eta Konstituzionalak Parlamentuko Mahaiari bide horretan aurrerapausorik ez ematea uztailaren 19an eskatu ondoren, auzitegiak neurri hertsatzaileak aplikatzea nahi du Exekutiboak.
Forcadellen aurkako bide penala
Hala, Carme Forcadell Parlamentuko presidentearen kontrako bide penala zabaltzea eskatu du Espainiako Gobernuak, ebazpena eztabaidatzeko eta bozkatzeko baimena emateagatik.
Forcadelli “erantzukizun penala eskatzeko lekukoen testigantzak jasotzea” eskatu dio Gobernuak Konstituzionalari.
Beste neurri batzuk ere eskatu ditu, hala nola, Parlamentuko presidenteari eta Mahaiko gainerako kideei errekerimendu pertsonalak bidaltzea, baita Ganberako idazkari nagusiari ere, ebazpena “zuzenean edo zeharka” betetzea bide emango liokeen edozein eztabaida eta bozketa debekatzeko.
Era berean, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteari eta Kataluniako Gobernuko gainerako kideei errekerimenduak bidaltzea eskatu du Espainiako Exekutiboak, ebazpena garatzeko edozein proposamen edo ekimen debekatzeko.
Horrela, Auzitegi Konstituzionalaren aginduak ez betetzeak erantzukizun penala duela ohartarazi nahi du Gobernuak.
Lege organikoaren 92. artikulua aplikatuz, Konstituzionalak neurriak har ditzake. PPk auzitegiaren funtzionamendua arautzen duen legedia erreformatu zuen iaz.
“Auziaren garrantzia” kontuan hartuta, Konstituzionalak “lehenbailehen erabaki bat” hartzea nahi du Exekutiboak.