Politika -

Eusko Legebiltzarra

EAJk eta PSEk gehiegikeria polizialen biktimen legea onartu dute

EH Bildurentzat ez da nahikoa eta abstenitu egin da; PPk eta UPyDk, berriz, kontrako botoa eman dute, "juridikoki segurtasunik ez" duela ematen iritzita.

Eusko Legebiltzarra. Argazkia: Efe
Eusko Legebiltzarra.
Poliziaren biktimak aitortzeko Legea onartu du Legebiltzarrak

1:35

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak 1978 eta 1999 artean EAEn poliziaren gehiegikeriek utzitako biktimen konponketarako eta aitortzarako legea onartu du, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin.

Legearen eztabaidak agerian utzi du alderdien artean dauden desadostasunak. EAJk eta PSE-EEk babestu egiten dute; EH Bildurentzat ez da nahikoa eta abstenitu egin da; eta PPk eta UPyDk kontrako botoa eman dute, "juridikoki segurtasunik ez" duela iritzita, eta etorkizunean atzera bota eta biktimen kolektiboei "etsipena" sorraraziko dielakoan.

2012an Patxi Lopezen Eusko Jaurlaritzak abiatutako bidea jarraitzen du legeak, eta giza eskubideen urraketa larriak pairatu zituztenen aitortza eta konponketa bilatzen du.

Hasiera batean 1960tik 1978ra arteko biktimak ziren legeak barne hartzen zituenak, eta orain 1999ra artekoak ere artatzea jasotzen du.

Iñigo Iturrate EAJren legebiltzarkideak esan du "ahal den" lege onena dela, eta ikuspegi "pragmatikotik" egin nahi izan dutela, "bermeak" eskaintzeko eta "itxaropen faltsua"k saihesteko.

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak gogorarazi du Segurtasun Indarretako kide "gehienek errespetatu dutela Zuzenbide Estatua", eta "ezinbesteko" lana egin dutela ETA amaitzeko. Hala eta guztiz ere, aitortu gabeko poliziaren biktimak artatzeko beharra dagoela azpimarratu du.

Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkideak azaldu du Legea ez dutela "gustuko", "motz" geratzen delako. Dena dela, abstenitzea erabaki dute, kaltetuek aitortzaren eta konponketaren "zain" jarrai ez dezaten.

PPren aldetik, Carmelo Barriok esan du "zalantza juridiko" asko sortzen dituela legeak, eta onartzeko moduak "serio lan egitea" galarazi duela kritikatu du.

Gorka Maneiro UPyDkoak bat egin du "segurtasun juridiko eza" leporatzean, eta EAJri "jauntxokeriaz" jokatzea egotzi dio, araua "behartuta" onartu duelako.

Espainiako Barne Ministerioak, legearen berri izan zuenean, ohartarazi zuen Konstituzioa urratzen zuela eta Balorazio Batzordeak (biktimak aitortzeaz arduratzen dena) "estatuarenak soilik diren eskumenak" urratzen zituela. Horren aurrean, EAJk eta PSE-EEk aldaketak egin zituzten testuan, eta orain segurtasun juridiko nahikoa duela uste dute.

Legea

Testuak orain arte "aitortzarik eta konponketarik jaso ez duen" biktimen kolektibo bati erantzun nahi dio. Gainera, biktima horien existentzia "giza eskubideen alorreko nazioarteko erakundeen txostenetan ere aitortuta"” geratu dela azpimarratzen du legeak.

Dena dela, Legeak errefusatu egiten du biktimen aitortzak indarkeriaren "justifikazioa edo parekatzea" ekarriko duenik.

Legeak ez omen ditu Zuzenbide Estatua eta erakundeak "gutxietsi" nahi, "kontrakoa" baizik; izan ere, horiek "indartu" nahi omen ditu "testuinguru demokratiko batean onartezinak diren jarrera batzuen ondorioak konpontzeko borondatearen eta konpromisoaren bidez".

Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko legeak berak zehazten du nortzuk diren barne hartzen dituen biktimak.

Hala, "motibazio politikoko indarkeriaren testuingurua" ezinbestekoa da, eta ekintza horiek "funtzionario publikoek" edo "norbanakoek taldean edo modu isolatuan, indibidualki eta kontrolik gabe jokatzen zutenek" egin behar izan dituzte.

Gainera, biktimek bizitzan, osotasun fisikoan, moralean edo sexualean "kaltea" jasandakoak izan behar dute.

Legeak kanpo uzten ditu biktima hauek: "Indarkeria ekintza baterako armak edo lehergailuak manipulatzen hildakoak edo zaurituak, baita ekintza horiekin segurtasun indarren jarduera zilegiak saihestu nahi bazituzten ere".

Kalte-ordainak ere zehazten ditu testuak. Hala, heriotzagatik 135.000 euroko kalte-ordaina jasoko dute senideek, 390.000 balioezintasun handiagatik, 95.000 erabateko balioezintasun iraunkorragatik, 45.000 balioezintasun oso iraunkorragatik, eta 35.000 balioezintasun partzial iraunkorragatik.

Balioezintasuna eragin ez duten bestelako lesioen kasuan, lesioen kalte-ordainen arau orokorra hartuko da kontuan, eta horren hirukoitza jasoko dute biktimek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea UPyD albisteak Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak EH Bildu Bizkaia PSE-EE berriak Euskadiko PP bideoak Eguneko albisteak Polizia indarkeriari buruzko albisteak