Politika -

Katalunia

Espainiako Gobernuak 'ordena konstituzionala' babesten jarraituko du

Bestalde, Sanchezek hots egin dio Rajoyri legea betearazteko prozesuan bere "babesa" helarazteko. CUPek esan du irailaren 27ko emaitzek Kataluniako Parlamentua babesten  dutela.

Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordea, agerraldian. Argazkia: EFE
Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordea, agerraldian. Argazkia: EFE
Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordea, agerraldian. Argazkia: EFE

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Soraya Saenz de Santamaria Gobernu espainiarreko jarduneko presidenteordeak adierazi duenez, Mariano Rajoyren Gobernuak "ordena konstituzionala" defendatzen jarraituko du, Kataluniako Parlamentuak hartutako azken erabakiaren ostean. Bozeramalearen esanetan, Gobernu eta Parlamentu kataluniarrak hasitako legea urratzeko prozesuan "beste urrats bat, errepikatua, setatsua eta oso larria" egin dute.

Hala mintzatu da Saenz de Santamaria Kongresuan, Kataluniako Parlamentuko Mahaiak "prozesu eratzailea" abiatzeko txostena eztabaidatu eta onartu eta gero.

Gobernu zentralaren 'bigarrenak' "lasaitasun mezua" bidali nahi izan die herritarri, argi izan dezaten Gobernu espainiarrak, "beti egin duen moduan, erne" egongo dela Katalunian onartzen dituzten legeen harira, "ordena konstituzionala, espainiar guztien berdintasuna eta euren herrialdea nolakoa nahi duten izatea erabakitzeko eskubidea defendatzeko".

Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari hots egin dio, Katalunian legea betearazteko prozesuan "babesa" helarazteko, Kataluniako Parlamentuak egindako "akats larria" ikusi eta gero, bere iritzian.

Ferrazen egindako agerraldia batean, Sanchezek, bide batez, Kataluniarentzat eta Espainiarentzat "konponbide politikoa lortzeko aurrerapausoa eman dezala" eskatu dio Rajoyri, eta, horretan ere, "PSOEren babesa izango du".

Bestalde, Gabriela Serra CUPen diputatuaren esanetan, irailaren 27ko hauteskundeek Kataluniako Parlamentua babesten dute "desobedientzia" egiteko eta "edozer gauza" egingo dutela ziurtatu dute 2017ko lehen seihilekoan independentziari buruzko aldebakarreko erreferenduma gauzatzeko.

"Desobedientzia egingo dugu aukera bakarra baldin bada askatasuna bermatzeko eta burujabetza eraikitzeko", gaineratu du.

Ciudadanosetik, Jose Manuel Villegas idazkariorde nagusiak esan duenez, espero du Auzitegi Konstituzionalak esku hartzea Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentearen aurka eta erakunde horren Mahaiaren kontra eztabaida eta ondorengo txostena onartzea ahalbidetzeko. Gainera, salatu egin du egun berean, hain justu, PPk onestea CDCk talde propioa izatea Kongresuan, baldintzak bete ez dituen arren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia PSOE Albisteak Alderdi Popularra Rajoy berriak Kataluniaren independentzia Pedro Sánchez bideoak Albisteak