Politika -
Kataluniako Parlamentua
'Deskonexio prozesua' abiatzea onartu du Kataluniako Parlamentuak
Espainiako Auzitegi Konstituzionala desobedituta, "prozesu konstituziogilea" abiatzea onartu du Ganberak.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Parlamentuak "prozesu konstituziogilea" abiatzea onartu du, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ekimen hori Konstituzioaren aurkakoa dela ohartarazi eta bozketa egitea debekatu bazuen ere.
Ekimenak JxSiren eta CUPen botoekin (72) egin du aurrera. SiQueEsPotek aurka bozkatu du (11 boto), eta gainerako alderdiek ez dute parte hartu bozketan.
Ganberako onartutako txostenak aurreikusten du prozesu konstituziogilea abiatzea, independentzia helburu, eta "alde bakarreko mekanismo bat" diseinatzea, kataluniarrek Estatu berria berretsi dezaten.
Marta Rovira JxSiko bozeramaileak defendatu egin du prozesu konstituziogilea abiatzea, eta hori "demokratikoa" dela aldarrikatu du.
Gabriela Serrak (CUP) "desobedientzia" babestu du, eta ez du baztertu aldebakarreko independentzia, Estatuak ez duelako onartzen Kataluniako erabakitzeko eskubidea.
Ines Arrimadasen (C’s) esanetan, bozketaren emaitza "kolpea" da demokraziarentzat. Izan ere, "erregimen juridikoaren aurkakoa da, Konstituzionalaren agindua urratzen du eta ez dio erantzuna ematen kataluniar gizarte gehienaren borondateari".
Miquel Icetak (PSC) ohartarazi du ezin dela inor "Zuzenbide Estatuaren gainetik jarri", eta balizko Asanblea Konstituziogileak ez duela "ahalmenik" izango.
Xavier García-Albiolek (PP) Auzitegi Konstituzionalaren aurkako "kolpe"tzat jo du bozketaren emaitza, eta ezin direla Zuzenbide Estatutik kanpo jarri esan die JxSiri eta CUPi.
Joan Coscubielak (SiQueEsPot) adierazi du ekimena "iruzur politikoa" dela, Generalitatean jarraitzeko. "Norbaitek uste al du egun batean lege espainiarrarekin oheratuko garela, eta lege kataluniarrarekin esnatuko garela?", galdetu du.
Espainiako Gobernuak esku hartuko du
Testuinguru horretan, Espainiako Gobernuak ohartarazi du esku hartuko duela Kataluniako Parlamentuak emandako pauso "larria"ren kontra, "espainiarren eskubideak" urratzen dituelako.
Exekutiboak ostiralean onartuko du Konstituzionalera jotzea, Ganberaren ebazpena geldiaraz dezan.