Politika -
'Argala'ri omenaldia
Tasio Erkiziari ANk jarritako zigorra berretsi du Konstituzionalak
'Argala'ren omenaldi batean ETA goratzeagatik urtebeteko kartzela zigorra eta zazpi urtean kargu publikoan aritzeko debekua ezarri zioten Erkiziari.
Agentziak | Erredakzioa
ETA goratzeagatik, Tasio Erkizia ezker abertzaleko buruzagi historikoari Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra berretsi du gaur Auzitegi Konstituzionalak.
Erkizia Jose Miguel Beñaran 'Argala' ETAko kideari Arrigorriagan 2008an egindako omenaldian izan zen. Egindako adierazpenekin terrorismoa goratu zuela ebatzi zuen Auzitegi Nazionalak, eta urtebeteko kartzela zigorra eta zazpi urtean kargu publikoan aritzek debekua ezarri.
Erkiziaren abokatuek babes helegitea aurkeztu zuten Konstituzionalean, epaia haren adierazpen eta ideologia askatasunaren kontra zihoala iritzita. Helegitea baztertu du gaur Konstituzionalak.
Juan Antonio Xiol epaileak boto partikularra eman du. Haren ustez, adierazpen askatasunaren eskubidea kontuan hartuta, zigorra ez zen "ez beharrezkoa ezta neurrizkoa ere", eta, hortaz, bazeuden babesa emateko nahikoa arrazoi.
Auzitegi Nazionalak frogatutzat eman dituen egitateen arabera, Erkizia hizlari nagusia izan zen 2008ko abenduaren 21ean Arrigorriagan egin zuten 'Argala' heriotzaren 30 urtemuga ekitaldian. Ekitaldia iragartzeko kartelak jarri zituzten kaleetan, eta taula gainean Beñaranen argazki handi bat paratu zuten. Erkiziak krabelina jarri zuen argazkiaren ondoan, eta ekitaldian zehar, ETAko preso eta iheslarien argazkiak proiektatu ziren.
Hitzaldian, "Estatuari min gehien egingo dion bidea" hartzeko deia egin zuen Erkiziak, "Euskal Herriak aro demokratiko bati" ziezaion. Adierazpenak honakoak oihukatuz amaitu zituen buruzagi abertzaleak: "Gora Euskal Herria Askatuta", "Gora Euskal Herria euskalduna" eta "Gora Argala".
Terrorismoa goratzea vs adierazpen askatasuna
Konstituzionalak garrantzi berezia eman dio epaiari, terrorismoaren goratzearen delituaren eta adierazpen askatasunaren arteko talkaren harira hartzen duen lehen erabakia baita.
Epaiaren arabera, Auzitegi Nazionalak ez zuen Erkiziaren "adierazpen askatasun eskubidea urratu". Are, buruzagi abertzaleak egindako adierazpenak eskubide horretatik harago joan zirela uste dute epaileek. "Gorrotozko hitzaldia izan zen, indarkeria sustatzekoa", argudiatu dute.