Politika -
Podemos Euskadi
Sei hautagai lehiatuko dira Podemosen lehendakarigaia izateko
Pili Zabala, Juan Luis Uria eta Ruben Belandia dira hautagai ezagunenak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Azkenean sei pertsona lehiatuko dira Podemos Euskadiko lehendakarigaia izateko barne hauteskundeetan. Hiru alderdi barruko sektoreek proposatu dituzte, eta, beste hirurak, independenteak dira.
Orain arte hiru hautagai iragarrita zeuden: Pili Zabala, zuzendaritzak proposatutakoa; Juan Luis Uria medikua, Elkarrekin sektore kritikoak babestuta; eta Ruben Belandia Leioako zinegotzia, antikapitalistek sustatuta.
Haiekin hiru independente lehiatuko dira: Zaloa Aizpiri Agirre osasun arloko aholkulari eta animalien defendatzailea; Manuel Garcia Alfaro banatzailea eta Olga Uruñuela Cuenca etxegabetzeen aurkako plataforma arabarreko kidea.
Juan Luis Uria. Argazkia: Osalde
Gainera, 34 militante zerrendetan egoteko hauteskunde primarioetara aurkeztu dira. Horien artean hauek daude: Luis Alejos aurreko zuzendaritzarekin Ekintza Politikoko arduraduna izandakoa; Juan Luis Iturria Podemosen Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea eta Kepa Roncero jurista.
Dagoeneko itxita dago lehendakarirako hautagaitzak aurkezteko epea, eta, orain, hautagaiek hilaren 27tik 31ra dute kanpaina egiteko epea. Bozketa 29tik 31ra egingo dute, eta, abuztuaren 1ean, irabazlea iragarriko dute.
Ruben Belandia. Argazkia: EiTB
Hauteskunde hauetan ez dituzte hautatuko zerrendetako behin betiko kideak. Izan ere, segur aski koalizioa egingo dute Equorekin eta Ezker Anitzarekin, eta haien hautagaiak ere barneratu beharko dituzte.