Politika -
Primarioak
Mas, Munte eta Pascalek zuzenduko dute PDC alderdi berria
Artur Mas (presidentea), Neus Munte (presidenteordea) eta Marta Pascal (idazkari nagusia) izango dira Partit Demòcrata Català (PDC) alderdiko buruak.
Agentziak | Erredakzioa
Gaur eta atzo artean egin dituzten primarioetako emaitzen arabera, Artur Mas (presidentea), Neus Munte (presidenteordea) eta Marta Pascal (idazkari nagusia) izango dira Partit Demòcrata Català (PDC) alderdiko buruak. Primario horietako sorpresa Merce Conesak eman du, alderdi independentistaren kontseilu nazionala zuzenduko baitu.
Espero zen legez, presidente izateko hautagai bakarra zen Mas-Munte bikoteak botoen % 95,07 eskuratu du; aldi berean, zuzendaritza exekutiboko 12 lekuak osatzeko Pascalek zuzentzen zuen 12 pertsonaz osatutako zerrendak Ignasi Planasen zerrenda gailendu du, babesen % 87,7 lortuta.
Zerrenda itxietan baina blokeatu gabekoetan oinarritutako botazioa izatean, hautagaitza irabazleko kide bakoitzak gutxienez babesen % 50a eskuratu behar zuen, eta Pascalen zerrendaren kasuan guztiek gainditu dute % 70a.
Emaitzak ezagutu ostean, Masek adierazi du PDC alderdia Carles Puigdemont Kataluniako presidentearen "zerbitzura" jarriko dela. Bere esanetan, alderdiak "modu onean" ekin dio bere ibilbideari primarioen ondoren, eta ukatu egin du CDC zaharrarekiko "makillaje" operazioa denik.
Bestalde, eta emaitzak ezagutu aurretik, Masek baztertu egin du bere alderdi zaharrak zein berriak PPrekin inongo akordiotara helduko denik, Kongresuan egonkortasun parlamentarioa egon dadin.