Politika -

Urtebete agintean

Uxue Barkos: 'Gobernu ereduak funtzionatzen du'

Aldaketaren gobernuak urtebete eman du jardunean, eta lehen balantze batean, gizarte eta ekonomia alorrean egindako aurrerapausoak nabarmendu ditu presidenteak.

Uxue Barkos, gaurko agerraldian. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Uxue Barkos. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Uxue Barkos, gaurko agerraldian. Argazkia: Nafarroako Gobernua

EITB.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Aldaketaren lehen urtea izan da, eta ezberdinen arteko akordioari eta haien ikuspegi zabalari esker egin ahal izan da; gobernu ereduak funtzionatzen duela frogatuta geratu da", hitzokin egin du Uxue Barkos Nafarroako presidenteak bere exekutiboak agintean daraman urtebetearen balantzea.

Foru gobernuko kontseilariak ondoan zituela, agerraldia egin du Barkosek Nafarroako museoan. Haren aburuz, "aldaketa lasai baina sakona" egin du lauko gobernuak, eta "diferentziek eredu honen egonkortasuna eta sendotasuna ezbaian jarri gabe", bera buru duen exekutiboak argi erakutsi du "gauzak egiteko beste modu bat dagoela".

Agerraldian legealdiaren lehen urteko balantzea egin du Nafarroako presidenteak, eta, horrez gain, uda ondorengo ikasturte politiko berrirako aurreikusitako proiektu garrantzitsuenak aztertu ditu.

Gobernuaren "sendotasuna eta egonkortasuna" goraipatu ditu Barkosek, baina, "edozein lantaldetan bezala, urtebetera gogoeta" egin beharra dagoela aitortu du, eta udan "berrikuspena" egingo dutela iragarri du.

Lorpenak gai sozial eta ekonomikoetan

Barkosek gogora ekarri duenez, agintera heldu eta gutxira, 2015eko abenduan, Nafarroaren zor publikoa 3.323 milioi eurokoa zela (BPGaren % 18,2), 5.187 euro biztanleko. Horrez gainera, agintera iritsi zenean, bere gain hartu behar izan zituen "egiturazko arazoak" eta UPNren gobernuak "utzitako konpromisoak". Besteak beste, Nafarroak Estatuari egindako ekarpena handitzea aipatu du: 2010ean 485 milioikoa zen, eta 591koa, 2015ean.

Nafarroako presidentearen hitzetan, lehen neurriak gobernuari "gardentasun handiagoa eta kostu txikiagoa" emateko bideratu ziren, gobernukideen soldatak jaitsita, edota auto ofizialen erabileran gastu-murrizketako irizpideak araututa.

Hiru urteko luzapenen ondoren, "izaera sozial nabarmena duten aurrekontuak" onartu ahal izan dituztela azpimarratu du Barkosek, eta zergen erreforma "bidezkoagoa eta aurrerakoiagoa" dela. Abian jarritako neurri ekonomikoei esker, kalifikazio agentziek (Standard & Poor's agentziak, esaterako) Nafarroako kalifikazioa ahalik eta maila gorenean mantentzea erraztu dute, Barkosen iritzian.

Bermatutako Errentaren Lege proiektua ere aipatu du Nafarroako gobernuburuak: haren zenbatekoak hobetu eta 2.800 onuradunetan zabaltzen duela esan du. Mendekotasunari emandako laguntzen estaldura hobetu eta enplegu eta etxebizitza alorrean hartutako neurriak ere nabarmendu ditu Barkosek.

Hezkuntzaren alorrean, bost urtean lehen aldiz irakasleentzako 200 lanposturen deialdia egin izana azpimarratu du Barkosek, eta ikasgela bakoitzeko 25 ikasleren ratiora itzuli izana. "D Eredua (euskaraz) Nafarroa guztira zabaldu dugu", erantsi du.

Zazpi foru-lege berri, 2016a bukatu baino lehen

Azkenik, urtea amaitu baino lehen foru gobernuak dituen aurreikuspen garrantzitsuenak aipatu ditu Barkosek. 2016a amaitu aurretik, zazpi foru-lege onartuko dituzte: Osasuna, Gizarteratzea eta Errenta bermatua, Kontratu Publikoak, Sozietateen gaineko Zerga, Jokoaren gaineko Zerga, tokiko inbertsioak eta zergen foru-lege orokorra, alegia.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gaurko albisteak Nafarroan Uxue Barkos albisteak EH Bildu Nafarroa Izquierda-Ezkerra alderdia Gaurko azken orduko albistea Podemos Ahal Dugu Nafarroa