Politika -

Kongresuko Mahaia

Pastor ministroa proposatu du Rajoyk Kongresuko presidentea izateko

Rajoyk eta Riverak akordioa iragarri dute lehen, Mahaiko presidentea Alderdi Popularrekoa izan dadin.

Espainiako Diputatuen Kongresuko Mahaia. Artxiboko argazkia: EiTB
Espainiako Diputatuen Kongresuko Mahaia. Artxiboko argazkia: EiTB
Rajoyk Ana Pastor proposatu du Kongresuko presidentea izateko

1:16

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy PPko presidenteak eta Albert Rivera Ciudadanoseko buruak Espainiako Diputatuen Kongresuko Mahaiaren osaketari buruzko akordioa lortu dute eta, horrenbestez, Mahaiko presidentea Alderdi Popularrekoa izango da. Itunari esker PPk hiru ordezkari izango ditu Mahaian eta Ciudadanosek, ostera, bi.

Izan ere, Rajoyk Ana Pastor jarduneko Sustapen ministroa proposatu du Kongresuko presidente izateko hastekoa den XII. legealdi honetan, PPren Zuzendaritza Nazionalak egindako bileran.

Ciudadanos alderdiko iturriek azaldu dutenez, akordioari esker alderdi laranjak bi ordezkari izango ditu Mahaian -lehen presidenteordetza eta idazkaritza bat-, baina ez dute zehaztu Ignacio Prendes eta Patricia Reyes diputatuek karguan errepikatuko duten ala ez. Ciudadanoseko talde parlamentarioak arratsaldean egingo duen bileraren ondoren emango dituzte ezagutzera izen horiek.

Ciudadanosek Kongresuko Mahaiko lehen presidenteordetza eskuratzen badu, aurreko legegintzaldian postu hori izan duen Celia Villalobosek 'popularrak' bere tokia galduko luke.

PPrekin akordiorik itxi izan ez balu, Ciudadanosi ez legokioke ordezkaririk Kongresuko Mahaian.

Gauzak horrela, PPk hiru ordezkari izango lituzke Kongresuko Mahaian -presidentetza barne- eta bina ordezkari izango lituzkete PSOEk, Elkarrekin Ahal Duguk eta Ciudadanosek.

Gaur eguerdian sozialistek egintzat jotzen zuten PPren eta Ciudadanosen arteko ituna eta, beraz, Patxi Lopez berriro Mahaiko presidente izateko aukera gutxi ikusten zituzten. Hala eta guztiz ere, Patxi Lopezek Mahaiko presidente izateko aukerak baditu oraindik baldin eta Elkarrekin Ahal Duguk eta Kataluniako zein Euskadiko alderdiek beren babesa ematen badiote.

Podemos-PSOE negoziazioak

Testuinguru horretan, Podemosek “elkarrekikotasun” akordioa eskaini dio PSOEri, PPri Kongresuaren Presidentetza eta gehiengoa kentzeko. Alderdi ezkertiarraren proposamenaren arabera, bi alderdiek konpromisoa hartuko lukete, lehen bozketan boto gehien lortuko dituen hautagaia babesteko bigarrenean. Nolanahi ere, Pedro Sanchezen alderdiak ezetz esan du.

Iñigo Errejon Podemoseko Politika idazkariak azaldu duenez, Unidos Podemosek proposamen hori luzatu dio PSOEri, baina sozialistek erantzun dute euren hautagaiari, Patxi Lopezi, baino ez diotela emango babesa.

Podemosek Xavi Domenech En Comu Podemeko bozeramailea aurkeztuko du hautagai gisa, eta alderdi kataluniarren babesa biltzen saiatzen ari da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Berriak Politika Albisteak Alderdi Popularra Espainako Gobernuaren presidente ohia Hauteskunde orokorrak Espainian Espainia bideoak Ciudadanos alderdia Albisteak Albert Rivera bideoak