Politika -
Adierazpenak Radio Euskadin
Euskal alderdiak, Kongresuaren osaketaz
Elkarrekin Ahal Duguren, EAJren, PSE-EEren, EH Bilduren eta PPren ordezkariek Mahaien eta inbestiduraren inguruko iritziak plazaratu dituzte Radio Euskadin.
Agentziak | Erredakzioa
Ekainaren 26ko hauteskunde orokorretan Espainiako Kongresuan ordezkaritza lortu duten bost alderdiak (Elkarrekin Ahal Dugu, EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta PP) ganberen osaketan hartuko duten jarreraz mintzatu dira astelehen honetan Radio Euskadin.
Elkarrekin Ahal Dugu
Elkarrekin Ahal Duguk EAEn eta Nafarroan jasotako babes "zabala", eta euren eskakizunetako asko "berdintsuak" direla kontuan hartuta, Kongresuan taldea edukitzea eskatuko dute Podemos Euskadik eta Nafarroako Ahal Duguk.
Dena den, Nagua Alba Podemos Euskadiko idazkari nagusi eta Gipuzkoako diputatuak aitortu duenez, PPk eta Ciudadanosek ituna lortzen badute, taldea lortzen zaila izango da, alderdiok ez dutelako "Estatuaren nazio aniztasuna kontuan hartzen". Mahaiaren Presidentetzarako Xavier Domenechen hautagaitza babestuko dutela iragarri du Albak.
EAJ
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak iragarri duenez, jeltzaleak abstenitu egingo dira Mahaiaren Presidentetzaren bozketan. "Asko hitz egin da hautagai sozialistaz, edo Podemosek aurkez lezakeenaz, baina apenas egon da harremanik; telefono deirik ez da egon, ez behintzat alderdi nazionalistei, edo EAJri behintzat ez", argitu du.
PPrengandik "oso urrun" daudela esan du Estebanek, eta zailtasunak zailtasun, hirugarren hauteskunde batzuk egongo ez direla uste du buruzagi jeltzaleak, "Estatuko alderdi handiek ezingo lukete hori pasatzen utzi", Estebanen aburuz.
PSE-EE
Javier Lasarte Arabako diputatu sozialistak "akordioak" lortzeko unea dela nabarmendu du: "Akordioa bilatu behar da, baina ez bakarrik Kongresuaren Mahaian, diputatu gehien duen taldea, PP, gutxiengoan dagoelako".
Inbestidura ahotan, Mariano Rajoyri iragarritako ezetza "behin betikoa" dela azpimarratu du Lasartek. Kongresuko Mahaiaren presidenteari dagokionez, bestalde, negoziatzen ari direla esan du, eta izenak aipatzea "arduragabekeria" litzatekeela.
EH BILDU
Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak iragarri duenez, koalizio abertzaleak ez du Mahaiko osaketaren bozketan parte hartuko, presidenteak Ganbera "demokratizatzeko" borondatea agertzen ez badu, edota Presidentetzari nola aurre egingo duen argitzen ez badu. Beitialarrangoitiaren iritzian, "Presidentetzaren jokoak legegintzaldiko zein inbestidurako akordio posibleak utziko ditu azalean".
"Aulkian jesarri baino lehen, Kongresua nola demokratizatu eta hobetuko duen argitzen duen pertsona" bat nahiko luke EH Bilduk ganberako presidente.
PP
Kongresuko Mahaiko osaketaz harago doan itun baten alde mintzatu da Leopoldo Barreda PPren Bizkaiko diputatua. "Gobernu egonkor bat behar dugu datozen lau urteetarako, eta inork ez du ezer oparitzen, eta ez du posturik eskainiko, trukean ezer eman gabe", esan du.
Alderdiaren Zuzendaritza Batzordeak gaur arratsaldean duen bileran erabakiko du Mahaiaren presidenterako PPren hautagaia. Barredaren esanetan, Ana Pastor "oso hautagai ona da, aipatu diren beste batzuk bezala".