Politika -

Kongresua eta Senatua

Espainiako Estatuko XII. Legegintzaldia gaur hasiko da

Kongresuko eta Senatuko mahaiak osatuko dituzte, eta 616 kideek Konstituzioaren zina egin beharko dute.

Kongresua. Argazkia: EiTB
Kongresua.
Kongresua. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

XII. legegintzaldia astearte honetan, uztailaren 19an, 10:00etan, hasiko da, ekainaren 26ko hauteskunde orokorrek utzi dituzten Kongresua eta Senatua osatuta. Bi ganberetako saioak antzekoak izango dira, eta 616 parlamentariek (350 diputatu eta 266 senatari) Konstituzioaren zina egin eta Mahaiko kideak aukeratu beharko dituzte.

Kongresuan, ganbera osatzeko saioaren presidente Maria Teresa de Lara PPkoa izango da, diputatu zaharrena delako, eta alboan izango ditu, idazkari gisa, bi gazteenak: Maria Such PSOEkoa eta Nagua Alba Podemoseko diputatu euskalduna.

Urtarrilean XI. Legegintzaldia hasteko osatu zen Adineko Mahai bera da, eta historian lehenengo aldiz errepikatuko da.

Idazkarien lana diputatuen izenak eta horien kontra egon litezkeen helegiteak irakurtzea izango da, araudian agertzen denez.

Senatuaren kasuan, izena eman duen lehenengo senatariak emango dio hasiera, Francisco Javier Alegre Ciudadanosekoak hain zuzen ere. Hala, gainerako senatarien izenak eta inpugnazioak irakurriko ditu, eta, ondoren, Adinekoen Mahaia osatuko da. Bertan, zaharrena eta lau gazteenak egongo dira.

Horren ostean, Senatua osatuko dute, zuzenean aukeratutako senatarien % 20ri eragiten dien inpugnaziorik ez badago.

Ondoren, gobernu organoen hautaketa hasiko da bi ganberetan. Mahaiko kideak bozketa sekretu bidez aukeratuko dituzte boto-txartelak baliatuz. Presidente hautatzeko gehiengo absolutua lortu beharko dute hautagaiek.

Lehenengo bozketan gehiengo absoluturik lortu ezean, boto gehien dituztenak lehiatuko dira, eta irabazlea izango da presidente.

Konstituzioaren zinak eginda, presidenteek hitzaldi bat emateko aukera izango dute, eta ganberak osatutzat emango dira, erregeari, beste ganberari eta Gobernuari jakinarazi aurretik.

Kongresuko presidentea

Normalean hauteskundeak irabazi dituen alderdiaren esku geratzen da Kongresuko presidentetza, baina aurreko legegintzaldian, inoizkorik laburrenean, hauteskundeak PPk irabazi zituen arren, bigarrenak, PSOEk, akordioa lotu zuen Ciudadanosekin, Patxi Lopez lehendakaria presidente izan zedin.

Senatuan beste bat da egoera, PPk gehiengo osoa baitu. Ondorioz, aurreko legegintzaldian, Pio Garcia Escuderok jarraitu zuen karguan.

Presidenteez gain, uztailaren 19an Kongresuko lau presidenteorde eta Senatuko beste bi hautatuko dituzte. Boto gehien lortzen dituztenak izendatuko dituzte presidenteorde.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Espainiako hauteskunde orokorrak Espainia albisteak Albisteak