Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ares: "ETAren zuzendaritza militarra atxilotu dute"
Lau atxilotutakoen artean Mikel Carrera dago, hau da, "ETAko eta haren arlo militarreko buruzagi nagusia", sailburuaren esanetan.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak baieztatu egin du "ETAren zuzendaritza militarra" atxilotu dutela gaur goizaldean Iparraldean. Horrenbestez, operazioa "oso inportantea" izan dela nabarmendu du.
Sailburuaren esanetan, lau atxilotutakoen artean Mikel Carrera Sarobe dago, hots, "ETAko eta haren arlo militarreko buruzagi nagusia".
Aresek ez ditu zehaztu gainerako atzemandakoen izen-abizenak, baina "arlo militarrarekin" lotura dutela ziurtatu du.
Adierazi duenez, atxiloketak "urrats garrantzitsua" dira ETAren amaierarako, eta Mikel Carreraren hurrengoa ere atxilotu egingo dutela ohartarazi du.
"Urrats garrantzitsua da terrorismoaren amaierarako bidean eta bakea eta askatasuna behin betiko errotzeko", esan du, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.
Herrizaingo sailburuak gaineratu du gaurko operazioa "Polizien eraginkortasunaren erakusle" dela, eta, are gehiago, "urterriletik ia egunero" daudela atxiloketak ekarri du gogora. "Eta bide horretan jarraituko dugu terrorismoarekin behin betiko amaitu arte", erantsi du.
Ukatu egin du ETArekin hitz egiten daudela
Halaber, Aresek ukatu egin du ETArekin negoziatzen edo hitz egiten daudela. Aitzitik, "terroristak atxilotzen eta fronte guztietan terroristen auka egiten" ari direla ziurtatu du. Horren ildotik, sozialistak "irmotasun demokratikoaren eta zero tolerantziaren politika" sustatzen ari direla esan du.
"ETAk behin betiko utzi behar du jarduera terrorista, eta hori egin arte, jazarri egingo ditugu haren kideak", ohartarazi du.
ETAren aurkako webgunea
Bestalde, herritarrek ETAri buruzko informazio anonimoa eman dezaten Herrizaingo Sailak abiatutako webgunearen harira, Aresek adierazi du "funtsezkoa" dela herritarren laguntza, eta astebetean jasotako "88 ekarpenetako 21" oso garrantzitsuak izan litezkeela jarri du adibide.
Hori dela eta, Ertzaintzari laguntzen dioten herritarrak salatariak diren ideiaren aurka borroka egin beharra dagoela iritzi dio.