Politika -

Polizia-operazioa

ETAren alor militarreko ustezko burua atxilotu dute Baionan

Mikel Carrera Sarobez gain, Arkaitz Agirregabiria alor militarreko ustezko buruzagiordea, Maite Aranalde eta Eñaut Aramendi ustezko kideak eta azken horren bikotekidea ere atxilotu dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gendarmeriak, Guardia Zibilaren laguntzarekin, ETAko lau ustezko kide eta horietako baten bikotekidea atxilotu ditu Baionan eta Urruñan (Lapurdi), Mikel Carrera Sarobe ETAren alor militarreko ustezko burua tarteko, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak baieztatu duenez.

Atxilotutako beste ETAko ustezko kideak honakoak dira: Arkaitz Agirregabiria, "arlo militarreko buruzagiordea"; Maite Aranalde eta Eñaut Aramendi, Rubalcabaren esanetan.

Frantziako Poliziaren barne eta informazio zuzendaritza nagusiak agindu du operazioa, Guardia Zibilaren eta Espainiako Inteligentzia Zerbitzuaren laguntzarekin. Operazioan dozenaka polizia frantsesek parte hartu dute, eta etxebizitza bat miatu dute eta euskarri informatikoak eraman dituzte.

Atxiloketetako hiru 06:15 inguruan izan dira hiri lapurtarreko etxebizitza batean eta miaketak egin dituzte. Karrera Sarobe, Ata, omen da atxilotuetako bat, aipatu iturrien arabera. Gainera, atxilotu dituztenean armak zeramatzatela ziurtatu dute ikerketako iturriek.

"Sektore gogorrekoa"

Mikel Carrera Sarobe ETAko "sektore gogorrekoa" dela diote Efe albiste agentziak konstultatutako terrorismoaren kontrako adituek, eta Mikel Garikoitz Aspiazu Txeroki-rekin harreman estua omen zuen 2008ko azaroan atxilotu zuten arte.

Iragan martxoan Ibon Gogeaskoetxea atxilotu zutenetik, terrorismoaren kontrako iturriek Carrera Sarobe jotzen zuten ETAren alor militarraren burutzat; baina beste iturri batzuk lehenagotik kokatzen dute postu horretan, 2009an Jurdan Martitegi atxilotu zutenetik hain zuzen ere.

Carrera Saroberen mugimenduen azken zantzua aurtengo urtarrilean agertu zen, ETAko kideek lehergaia garraiatzeko erabili zuten furgoneta bat alokatzea (dokumentazio faltsuarekin) leporatzen diote.

Baionan atxilo hartu dituzten beste biak MaiteAranalde eta Arkaitz Agirregabiria direla zehaztu dute.

Agirregabiria bilbotarra Derioko (Bizkaia) herriko etxearen kontra etxean egindako lehergailu bat jartzea leporatuta atxilotu zuten 2005eko azaroan.

2008an Auzitegi Nazionalean epaitu behar zutenean, ez zen agertu eta ihes egin zuela uste dute. Fiskaltzak lau urteko kartzela-zigorra eskatzen zuen kalte terroristak egin nahi izatea egotzita.

Ustez ETAn sartu zen, eta Paris kanpoaldean izan zen jendarmearen hilketan parte hartu zutenetatik identifikatu zuten bakarra bera omen da.

Baionan atxilotu duten hirugarrena Maite Aranalde da, bermepean aske zegoela Ibarratik (Gipuzkoa) ihes egin zuen.

Frantziako Justiziak egindako akats batek oztopatu zuen Aranalderen atxiloketa, Espainiako segurtasun indarrek atxilotu behar zutenerako alde eginda baitzegoen.

Aramendi jazarri dute

Urruñan (Lapurdi) izan da laugarren atxiloketa. Eñaut Aramendi da atxilotua eta ETAri laguntzea leporatzen diote. Bertan ere etxebizitza bat miatu dute eta Aramendiren bikotekidea ere eraman dute atxilotuta.

Atxiloketak Aramendiri egin dioten jazarpenari esker izan direladiote VascoPress albiste-agentziak aipatutako terrorismoaren kontrako iturriek. ETAko kide legala (fitxatu gabea) izatea leporatzen diote.

Frantziako inteligentzia zerbitzuek Guardia Zibilarekin eta Espainiako Inteligentzia Zentroaren laguntzarekin zaindu dituzte Aramendiren mugimenduak.

Carreraren atxiloketa, Txerokirena "baino garrantzitsuagoa"

Rubalcabaren esanetan, "ETAren egungo egoera kontuan hartuta", Mikel Carreraren atxiloketa Garikoitz Aspiazu Txeroki-rena "baino garrantzitsuagoa" da.

Halaber, ministroak nabarmendu du abarmendu du Carrera Sarobe 2006an su-etena haustea erabaki zuen zuzendaritzako kide zen eta oraindik aske zegoen bakarra zela.

Seigarren aldiz burugabetu dute ETA

Mikel Carrera Sarobe ETAko arlo militarraren ustezko burua atxilotuz, Poliziak seigarren aldiz burugabetu du erakundea azken bi urteotan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea