Politika -

Inbestidura

Inbestidura saioa abuztuaren 2an abiaraztea aztertzen ari da Rajoy

Jarduneko presidenteak "elkarrizketara eta itunetara irekita" egongo den gobernu "moderatu" baterako proposamena helarazi die gainerako alderdiei, legegintzaldia hasi eta gobernu egonkorra lortzeko.

Rajoy, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: Efe
Rajoy, gaurko prentsaurrekoan.
Rajoy ez da inbestidurara aurkeztuko babes nahikorik ez badu

1:30

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren jarduneko presidentea inbestidura saioa abuztuaren 2an abiaraztea aztertzen ari da.

Hala bada, lehendabiziko bozketa abuztuaren 3an izango litzateke eta gehiengo absolutua eskuratu beharko luke presidente izendatzeko.

Bigarren bozketa, berriz, abuztuaren 5ean izango litzateke, eta, kasu honetan, nahiko izango luke gehiengo sinplearen babesarekin.

Egutegi horren arabera, Rajoyk inbestidura saioan porrot egingo balu eta hurrengo bi hilabeteetan presidenterik aukeratuko ez balitz, azaroaren 27an berriro deitu beharko dituzte hauteskundeak.

Rajoyk gobernatu eta inbestiduran aurkeztu nahi duela esan du, erregeak eskatzen badio beti ere, baina ohartarazi du aurrera egingo ez duela jakinez gero, gogoeta prozesua irekiko duela alderdi politikoekin egoerari zein irtenbide eman adosteko.

"Gobernatu egin nahi dut, erabakiak hartu, busti, oso argi dut zer egin, borroka egiten jarraituko dut konbentzitzeko prest dagoena konbentzitzeko. Bustitzeko eta gobernatzeko prest nago, egoera dena delakoa izanda", azpimarratu du.

Horixe adierazi du Rajoyk kazetarien aurrean Pedro Sanchez PSOEren buruarekin inbestidurarako babes bila abiatutako bilera-sorta amaitu ostean.

Babes nahikorik gabe

Jarduneko presidenteak aitortu du Sanchezek ezezko botoa emango duela inbestiduran, baina datozen egunetan izango dituzten bileretan nahikoa babes lortzea espero du.

PPren buruak iragarri du Sanchezi eta gainerako alderdietako kideei proposamena helarazi diela, "elkarrizketara eta itunetara irekita" egongo den gobernu "moderatu" baterako, legegintzaldia hasi eta gobernu egonkorra lortzeko.

Konstituzioaren baloreetan eta Europaren proiektuarekiko konpromisoan oinarritutako proposamena dela azaldu du.

Rajoyrentzat, Espainiak gehien behar duena gobernua da, hauteskundeak berriro errepikatzea "erokeria" izango litzatekeelako.

Haren esanetan, baliteke uztailaren amaierarako edo abuztuaren hasierarako Espainiak bera buru duen gobernua izatea premiazko neurriak hartzeko, tartean gastuaren muga edo hurrengo urterako Aurrekontuak.

Horregatik agertu da inbestiduran aurkezteko prest, baina nahikoa babes ez duela edukiko jakinez gero, gogoeta prozesu bat jarriko du abian gainerako alderdiekin irtenbidea bilatzeko.

Legegintzaldiari begira, susperraldi ekonomikoari eta lanpostuen sorkuntzari eustea jarri du helburu gisa. Horren harira, "erreformekin" jarraitzea defendatu du.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PSOE Alderdi Popularra Rajoy albisteak Espainiako hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua albisteak Espainia Pedro Sánchez albisteak Gaurko azken orduko albistea