Politika -
Terrorismoa goratzea egotzita
Auzitegi Nazionalak Def Con Dos taldeko abeslaria epaituko du gaur
Fiskaltzak 20 hilabeteko espetxeratzea, 8 urteko gaitasungabetzea eta 2 urteko zaintzapeko askatasuna eskatzen du Cesar Augusto Montañarentzat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Nazionalak Cesar Augusto Montaña Lehman Def Con Doseko abeslaria, Cesar Strawberry ezizenarekin ezagunagoa dena, epaituko du gaur 2013an eta 2014an argitaratutako hainbat txiotan terrorismoa goratzea leporatuta.
Fiskaltzak 20 hilabeteko kartzela zigorra, 8 urteko gaitasungabetze absolutua eta 2 urteko zaintzapeko askatasuna eskatzen du Cesar Augusto Montañarentzat.
Strawberryk Europa Press albiste agentziari egindako adierazpenetan adierazi duenez, epaiketa honetan "justiziaren babesa" bilatuko du, haren esanetan, "jazarpen bidegabea" jasaten ari delako. Ildo horretan, azpimarratu du haren inguruan "presentzia arraroak" antzematen dituela eta badakiela duela hiru urtetik zaintzapean dagoela.
Def con Doseko abeslariaren hitzetan, "jazarpen" hori "sorgin ehiza" da "pertsona eta kultura aktibismo mota bat" eta haren publikoa kriminalizatzeko.
Auzitegi Nazionalak atzera bota zuen 2015eko abenduan Cesar Strawberryren kontrako auziaren artxiboa, ETAren biktimak Twitterren umiliatzea egotzita, eta Jose de la Mata epaileari epaiketa abian jartzeko eskatu zion.
De la Matak auzipetuaren estetika "probokatzailearen, ironikoaren eta sarkastikoaren" baitan kokatu zituen txioak, eta horregatik artxibatu zuen auzia, "artearen ikuspegi berezi horrekin jasotzaileak nahastea eta eskandalua" bilatzen zuela iritzita.
Auzitegiko Laugarren Sekzioak aintzat hartu zuen hein batean Fiskaltzak artxiboaren kontra jarritako helegitea, eta prozesua berrabiarazteko agindu zuen.
Abeslaria auzitegira eraman duten zazpi mezuak hauek dira: "Cuántos deberían seguir el vuelo de Carrero Blanco" (Zenbatek jarraitu beharko lukete Carrero Blancoren hegaldia?, "Street fighter, edición post-ETA: Ortega Lara versus Eduardo Madina" (Street fighter ETA ondorengo edizioa: Ortega Lara versus Eduardo Madina), "¿Se puede llevar una camiseta con un estampado de Miguel Ángel Blanco? Lo pregunto desde el respeto y el verano" (Eraman al daiteke kamiseta bat Miguel Angel Blancoren irudiarekin? Errespetutik eta udatik galdetzen dut), "El fascismo sin complejos de Esperanza Aguirre, política del Partido Popular me hace añorar hasta los Grapo" (Esperantza Aguirreren konplexu gabeko faxismoak, Alderdi Popularraren politikak, Graporen falta sumatzera naramate), "A Ortega Lara habría que secuestrarle ahora" (Ortega Lara orain bahitu beharko lukete), "Franco, Serrano, Suñer, Arias Navarro, Fraga, Blas Piñar...si no le das lo de Carrero Blanco, la longevidad se pone siempre a su lado" (Franco, Serrano, Suñer, Arias Navarro, Fraga, Blas Piñar… Carrero Blancorena ematen ez badiezu, zahartzaroa haien alde jartzen da).