Politika -

Auzitegi Nazionalean

Atzeratuta, terrorismoa sarean goratzeagatik egitekoa zuten epaiketa

Instruktorea eta polizia-atestatuaren idazkaria bertaratu ez direlako atzeratu da. Fiskaltzak urtebete eta sei hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du gazte batentzat, terrorismoa goratzea leporatuta.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak atzeratu egin du Facebook sare sozialaren bidez terrorismoa goratzea egotzita gaurtik aurrera egitekoa zen epaiketa. Akusatua 25 urteko gazte bat da, Talavera de la Reinakoa (Toledo), eta, besteak beste, Facebooken duen kontuan ETAren eta GRAPOren anagramak partekatzea leporatzen diote.

Gaur hastekoa zen Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko 1. Sekzioan V.S.E. gaztearen kontrako epaiketa, baina defentsaren iturriek azaldu dutenez instruktorea eta polizia-atestatuaren idazkaria bertaratu ez direlako atzeratu egin da. Antza denez, familia arrazoiak direla-eta ezin izan dute epaiketara agertu. Bertaratu ez diren pertsona horiek zehaztu behar dute Facebooken kontu hori "hackeatu" egin zuten edota zigortu nahi dituzten mezuak akusatuak idatzi zituen.

Fiskalak urtebete eta sei hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du akusatuarentzat, eta 10 urtez erabat gaitasungabetzea eta hauteskundeetara hautagai moduan aurkeztea debekatzea 'Victor Gaztela Komuneroa' izengoitiarekin Facebooken idatzitako hainbat iruzkinengatik.

Fiskaltzaren behin-behineko idazkiaren arabera, 2011. urtean hasi zen gaztea iruzkin horiek idazten, eta 2012an idatzitako hainbat iruzkin nabarmendu ditu Fiskalak horien artean; esaterako, 2012ko abenduaren 22an idatzitakoa, Euskal Herriko maparekin eta 'Euskadi Ta Askatasuna' ETAren izenarekin. 2012ko uztailean gauza bera egin zuen GRAPOko anagramarekin.

2012ko urriaren 4an, GRAPOko presoen argazki bat partekatu zuen, horientzat amnistia osoa eskatuz. "Hona hemen bandera burges espainola putarekin egiten dudana", idatzi zuen egun batzuk lehenago, hainbat ezezagunek osatzen zuten talde batek Espainiako bandera erretzen erakusten zuen argazki batekin batera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Facebook gaur ETA albisteak