Politika -

Convergenciaren birfundazioa

Partit Democrata Catala, Convergenciatik sortu den alderdi berria

Aurreikusi baino bi egun geroago aukeratu dute alderdi berriaren izena, zuzendaritzak proposatutako izenen aurrean alderdi barruan izandako kritikak tarteko.

Puigdemont eta Mas, Parti Democrata Catala alderdiaren eratze kongresuan. Argazkia: EFE
Puigdemont eta Mas, Parti Democrata Catala alderdiaren eratze kongresuan. Argazkia: EFE
Convergenciaren izen berria Partit Democrata Catala izango da

0:23

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Convergencia Democratica de Catalunya alderdiak azken kongresua egin du asteburuan eta, aldi berean, alderdi berria izango denaren izena eta izana finkatu dituzte militanteak. Hala, Partit Democrata Catala izango da alderdi berriaren izena.

Partit Democrata Catala aukerak 871 aldeko boto jaso ditu eta Partit Nacional Catala izenak, ostera, 657 boto. Bozketaren lehen itzulian Junts per Catalunya aukera baztertu dute babes gutxien jaso duena izan delako (443 boto).

Josep Rull eta Santi Vila Generalitateko kontseilariak Partit Democrata Catala aukeraren alde agertu dira eta Carles Puigdemont Generalitateko presidentea eta Artur Mas, berriz, Partit Nacional Catala izena babestu dute. Dena den, behin bozketaren emaitzak ezagutzera eman dituztenean txalo artean hartu dute erabakia Bartzelonako Nazioarteko Konbentzio gunean bildutako militanteek.

Alderdi berriaren izena aurreikusi baino bi egun geroago aukeratu dute militanteek; izan ere, ostiralean zuzendaritzak proposatutako izenen (Catalans Convergents eta Mes Catalunya) eta aukeraketa sistemaren kontra jaiki ziren militanteak. Nahaspilari irtenbidea emateko batzorde bat sortu zuten eta bertan hiru izen aukeratu zituzten aurkeztutako 300 proposamenen artean.

Izen berriak arazoak eragingo dizkio Partit Democrata Catala alderdiari, Unio alderdiaren zatiketatik sortutako Democrates de Catalunya alderdiak iragarri baitu auzitegietara joko duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Albisteak Artur Mas bideoak Pere Aragonès albisteak