Politika -

Katalunia

CDCk izenari buruzko botazioa atzeratu du, barne-kritika ugari izanda

Artur Mas Kataluniako presidente ohiak zabaldu du alderdi berriaren sortze-kongresua; "Europar Batasuneko eskubide osoko Estatua" mahaigaineratu du, Kataluniaz hitz egin duenean.

CDCren Kongresuak erabaki du izenaren botazioa atzeratzea. Argazkia: EFE.
CDCren Kongresuak erabaki du izenaren botazioa atzeratzea. Argazkia: EFE.
CDCren Kongresuak erabaki du izenaren botazioa atzeratzea. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CDCk erabaki du atzeratzea ostiral honetan alderdi berriaren izena aukeratzeko egin behar zuen botazioa; izan ere, kritika ugari jaso dituzte agintariek proposatutako bi aukerek, alegia, "Mes Catalunya" eta "Catalans Convergents" proposamenek.

Hamar minutuko eten baten ostean, alderdi berriaren sortze-kongresuaren mahaiak esan die parte-hartzaileei ostiral gauerako aurreikusita zegoen botazioa atzeratuta geratu dela; izan ere, hori eskatu dute hogei biltzarkidek baino gehiagok. Horiek guztiek hitz egin dute Jordi Cuminal CDCko komunikazio-arloko arduradunetako batek bi aukerak aurkeztu ostean.

Nahaspilari irtenbidea emateko, batzorde bat sortuko dute, xede izanik izen berriak eztabaidatzeko; aukera dago igandea baino lehen, hau da, Kongresua amaitu aurretik, bozkatzea.

Jordi Cuminal arduratu da biltzarkideei aurkezteaz bi proposamenak; ia-ia azken minutura arte, ezkutuan izan dira biak.

Alderdi berriaren sortze-kongresua 20:00etan hasi baino lehentxeago, Bartzelonan, La Vanguardiaren web orriak aurreratu du zeintzuk ziren bi aukerak; jarraitzaileek ez zuten ezagutzen, bakarrik zuzendaritzaren talde oso txiki batek. Cuminalek, hortaz, barkamena eskatu behar izan du, filtrazioa dela eta.

500 izen-aukera jaso ostean (Claret Serrahima diseinatzaileak egin ditu), zuzendaritzako talde horrek bi proposamen eraman ditu Kongresura; izan ere, arratsalde honetan bertan aukeratu behar zuten. Baina Kongresua hasi aurretik, hainbat biltzarkidek agertu dute harridura bi izen posibleen berri izanda. Hain zuzen, kritika asko jasan dituzte bi izen horiek.

"Catalans Convergents" aukerak aipamena egiten dio, aginduta zegoen bezala, 1974an alderdia sortu zuteneko siglen kontzeptuari; beste aukerak, "Mes Catalunya" izenekoak, haustura ekarriko luke, CDCrekin alderatuta.

Masek "eskubide osoko Estatua, Europar Batasunean" mahaigaineratu du

Bitartean, Artur Mas Generalitateko presidente ohi eta CDCko liderrak eman dio hasiera Kongresuari; Masek proposatu du lanean aritzea sortzeko "eskubide osoko Estatu bat, Europar Batasunean"; parte-hartzaileak txaloka hasi dira, hitz horiek entzun dituztenean.

Masek proposatu du "autonomiatik burujabetasunera igarotzea"; Masen apustua ez da nazio anitzeko Estatu bat, kontuan izanik erakutsita dagoela, haren ustez, Espainiak ez duela norabide hori.

Masek nabarmendu du ostiral honetan "Itacara doan beste ontzi bat itsasoratu dela", CDCren siglak lurperatu ostean eta berehala sortu den alderdiarekin; ohartarazi du ontzi honek ibilbide gogorra eta nekagarria izango duela, oztopo eta arazo handiak jasan beharko dituela. "Baina, aldi berean, konpromisoz beteta egongo da, indarrez, determinazioz eta adorez beterik, arrakasta izateko", gehitu du Masek Kongresuan egondako parte-hartzaileen aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi politikoak berriak Kataluniako hauteskundeak Artur Mas albisteak