Politika -
Sortze-biltzarra
Masek Munterekin batera zuzendu nahi du Convergència berria
Masen aburuz, bateragarria izan beharko litzateke Muntek Kataluniako Gobernuan jarraitzea eta Convergència alderdi berriaren presidenteorde izatea aldi berean.
Agentziak | Erredakzioa
Artur Mas Generalitateko presidente ohiak aste honetan bertan adierazi zuenez, asteburu honetan Convergència alderdiak eratuko duen alderdi berriaren buru izatea da bere asmoa, baina alderdiaren presidenteordetza beteko lukeen emakume batekin bikotea osatuz. Neus Munté Presidentetzako kontseilaria proposatu nahi du kargu horretarako.
Sortze-biltzarra egiteko bezperan, Masek azaldu zuen alderdi berriaren presidentetzako kontzeptua eraberritu nahi duela, gizon batez eta emakume batez osatutako bikote batek zuzen dezan.
Bikotearen bigarren kidea Munté izango ote den galdetu ziotenean, Masek erantzun zuen ostiral honetatik igandera bitartean (uztailaren 8tik 10era) egingo den biltzarraren ostean adieraziko duela publikoki haren izena; izan ere, militanteek botazioz onartu behar duten kargu instituzionalen eta organikoen arteko bateraezintasunei buruzko erregimenaren mende egongo da erabakia.
Kataluniako presidente ohia eta CDCko presidentea denaren aburuz, bateragarria izan beharko litzateke Muntek Kataluniako Gobernuan jarraitzea eta Convergència alderdi berriaren presidenteorde izatea aldi berean.
Tandem erako formula horrekin "eskarmentuaren eta orain sortu behar denaren arteko zubi-lanak" egin nahi ditu Masek, alderdia "emakumez bete eta gaztetzeaz gain".
Masek ez dio bere buruari epe-mugarik ezarri alderdi berriaren goi-karguetan egoteko: "Ez dut mugarik jartzen, ez dudalako inongo asmo politikorik". Bere esanetan, Convergència berriaren lehen urratsetan alderdiaren buruan jarraituko du, baina "ez nonahiko eran".
Masen proposamenaren arabera, berak et CDCko presidenteordeak eginkizun trukagarriak izango lituzkete, baina alderdiaren egunerokoan egitekorik izan gabe; hots, euren lanak "koordinazio" eta "ordezkaritza" egitekoak izango lirateke.
Bai presidentetzarako bikote hori, bai 12 kide izango dituen zuzendaritza betearazlea (idazkari nagusiarekin edo gabe) modu bereizian hautatuko lirateke uztailaren 23an egingo diren hauteskunde primarioetan, kasu bakoitzerako egongo diren hautagaitzekin.
Zuzendaritzarako hautagai bat baino gehiago egongo dela aurreikusten den bezala (batetik, Germa Gordoren plataforma, eta, bestetik, beste korronte batzuen konfluentziatik ager daitezkeenak), ez da ezagutzen alderdi berriaren presidente izateko beste hautagairik.
Bestalde, alderdi berri horrek izango duen izenari dagokionez, egungo CDCren zuzendaritzak bi proposamen egingo ditu: batek "Convergència" edo "convergents" kontzeptuak jasoko ditu, eta besteak ez dio inongo erreferentziarik egingo egungo siglei. Auzi hori izango da ostiralean eztabaidatuko duten lehendabiziko gakoa.
Azkenik, aurreratu dutenez, Carles Puigdemont Generalitateko egungo presidentea ez da zuzendaritzako kide izango, "buru-belarri ari baita bere egungo zereginetan".