Politika -
Miaketak 10 probintziatan
11 atxilotu udal kontratuen ustezko iruzurraren aurkako operazioan
Guardia Zibilak 50 miaketa egin ditu hamar probintziatan eta, besteak beste, 15 errekerimendu bidali die udalei, Efial aholkularitza enpresarekin egindako kontratuen ikerketarekin lotuta.
eitb.eus
Guardia Zibilak 11 pertsona atxilotu eta Espainia osoko dozenaka udaletxe miatu ditu gaur, horietako batzuk Tarragonan, 'Termyca' operazioaren barruan. Udal kontratuen ustezko iruzurra ikertzen ari dira.
50 miaketa egin dituzte hamar probintziatan, besteak beste, 15 errekerimendu bidali dizkiete udalei, gehienbat Kataluniakoei, Efial aholkularitza enpresarekin egindako kontratuen ikerketarekin lotuta.
Poliziaren operazio zabala El Vendrell (Tarragona) udalerriko argibideetako epaitegiak agindu du, Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzarekin elkarlanean. Besteak beste, Tortosa, Ametlla de Mar, Vandellos eta Asco (Tarragona) herrietako udaletxeak miatu dituzte. Aholkularitza enpresari esleitutako kontratuak bilatzen aritu dira guardia zibilak.
Bestalde, El Mundo eta El Pais egunkarien arabera, Madrilen eta Balear Uharteetan ere egin dituzte miaketak, eta baita Castello, Huelva, Guadalajara eta Granada hirietako udaletxeetan ere.
Hala, Torrejon de Ardoz, Chinchon eta Miraflores herrietako udaletxeak ere miatu dituzte, eta baita Kataluniako aholkularitza enpresen egoitzak ere.
Kontsultariak administrazio lokalean adituak dira, eta Convergenciako udal askorekin egiten dute lan. Enpresa ustelkeria kasuekin lotu dute.
Dirua zuritu, prebarikatu, diru publikoa bidegabe erabili eta talde kriminala osatu duten ikertzen ari dira, auziko iturriek jakitera eman dutenez.
Errekerimendua Gironako Udalari
Gainera, Guardia Zibilak errekerimendua bidali dio Gironako Udalari, baina ez da udaletxean sartu. Carles Puigemont Generalitateko presidentea bertako alkate izan zen 2011tik 2016ra.
'Termyca' operazioa Torredembarrako Udalean 2014an hasitako ikerketaren zati berezi bat da. ERCko zinegotzi baten salaketak CDCko eta CatDem fundazioko egoitzaren miaketa ekarri zuen.