Politika -
Rajoyrekin bilera
EAJ: 'Hitz egitetik adostera alde handia dago'
Laster hitzordu bat zehazteko, Mariano Rajoy jarduneko gobernuburua alderdi jeltzalearekin harremanetan jarri dela baieztatu du Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak.
Agentziak | Erredakzioa
Laster hitzordu bat zehazteko, Mariano Rajoy Espainiako jarduneko gobernuburua alderdi jeltzalearekin harremanetan jarri dela baieztatu du Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak, gobernu akordio bat ixteko negoziazioen inguruan.
Elkarrizketa noiz izango den oraindik zehaztu ez dutela azaldu du EAJko buruzagiak SER irratian. “Zehaztu eta bilduko gara, baina oraingoz ez dugu datarik finkatu”, esan du Aitor Estebanek.
Estebanek harremanen berri eman ondoren, EAJko presidenteari eta alderdiko buruzagiari deitu dietela baieztatu dute PPko iturriek.
Euskal agenda
Bestalde, Estatuak krisi ekonomiko, politiko eta instituzionalari aurre egin behar diola ikusita, gobernu berriak egonkortasuna izan behar duela uste du Iñigo Urkullu lehendakariak.
Edozein elkarrizketa hasteko, euskal agenda funtsezkoa izango dela azpimarratu du agintariak. “Hitz egiten ez den bitartean, gure babesa jasotzea oso zaila izango da”, nabarmendu du. Hala ere, EAJ inbestidurako hautagaiarekin hitz egiteko prest dagoela adierazi du berriro Urkulluk.
Hala ere, “hitz egitetik adostera alde handia dago”, zehaztu du.