Politika -

"Ez da elkarrizketarik izango"

Rubalcaba: "ETAko 8 presok egin duten urratsa esanguratsua da"

ETAko presoen kolektiboari zuzendutako gutun batean, eszenatoki berri baten alde pausoak emateko eskatzen dute, eta ETAren biktimei egindako mina aitortu behar dela ere aipatzen dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroari "pausu esanguratsua" iruditu zaio ETAko zortzi preso historikok gutun batean presoen taldeari biktimei egindako mina aitortzeko eskatu izana. Hain justu, eszenatoki berri baten alde pausoak emateko eskatzen dute zortzi presok presoen kolektiboari igorritako gutunean, eta ETAren biktimei egindako mina aitortu behar dela ere aipatzen dute, Barne ministroak adierazi duenez.

Ser kateari egindako adierazpenetan, espetxeetan "beti disidentzia" izan dela adierazi du, baina gaineratu du "orain inoiz baino publikoagoa eta handiagoa" dela, "ETAren estrategiarekin bat egiten ez dutenak pentsatzen dutena esatera" ausartzen direlako.

"Erakunde terroristaren zuzendaritzarekin bat ez datorrela azaldu du ETAko presoen talde batek, eta beste batzuek, askok, ez dute esan baina pentsatu egiten dute", esan du.

"Eskutitz honetan aurrerapauso bat dagoela uste dut. Izan ere, biktimak aitortu behar direla esaten dute, biktimei barkamena eskatu behar zaiela. Pausu esanguratsua dela uste dut", gaineratu du Barne ministroak.

"ETAk azken su-etenari atentatu batekin eman zion amaiera, eta eskutitza eta erakunde terroristaren inguruko disidentzia guztiak ekintza hori ulertezina izan delako etorri dira", Rubalcabaren esanetan.

"Hauek jakin badakite ez dela beste elkarrizketa prozesurik izango, hautsi egin zela eta su-etena izanda bonba bat jartzen duenak su-etenari azkena ematen diola", erantzun du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea