Politika -
Negoziaketak E26aren ostean
EAJk 'gaur-gaurkoz' ez du aztertzen Rajoyren inbestidura negoziatzea
Joseba Egibarrek Radio Euskadin egon dituen adierazpenetan gogoratu duenez, "bat ez etortze historiko luzea dago EAJren eta PPren artean".
Agentziak | Erredakzioa
Joseba Egibar EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak eta GBBko presidentea denak ohartarazi duenaren arabera, bere alderdiak 'gaur-gaurkoz' ez du aztertzen, 'ezta hipotesi moduan ere', Mariano Rajoy Gobernuko presidente inbestitzeko negoziatzen hastea.
Radio Euskadin egin dituen adierazpenetan, agintari jeltzaleak joan zen astean egin ziren hauteskunde orokorrak izan ditu hizpide, baita horren atzetik, gobernu-osaketara begira, etorriko diren alderdien arteko batzarrak ere.
Bere alderdiaren jarrera politikoa abenduko hauteskundeen ostean izandako bera dela adierazi du; hau da, beste alderdi batzuei dagokiela "negoziaketei hasiera emateko erantzukizuna".
Egibarren esanetan, hauteskundeek Euskadin utzi dituzten emaitzek "batez ere aldaketaren alde eta PP baztertzearen alde bozkatu dela adierazten dute"; ondorioz, etorkizunari begira egingo den guztiak "logika horri jarraitu behar dio". Aitzitik, azpimarratu du Estatuan PP "sendotuta" atera dela eta Podemosek ez dituela aurreikuspenak bete.
Era berean, gogoratu du bat ez etortze historiko luzea egon dela EAJren eta PPren artean. Hori horrela, kritikatu egin du PPk lau urtez "arrabola gupidarik gabe erabili" duela legebiltzarrean; horrenbestez, "esango nuke gaur-gaurkoz EAJk ez duela aztertzen, ezta hipotesi moduan ere, inbestidura negoziatzeko aukera", gaineratu du.