Politika -
Gobernagarritasuna
Rajoy alderdiekin hitz egiten hasiko da gaur
Gobernuko jarduneko presidenteak ez du egutegirik finkatu, “aurretik ez duelako ezer erabaki”. Hala ere, lehen hartu-emana Pedro Sanchez PSOEko buruzagiarekin izango du.
Agentziak | Erredakzioa
Gobernua osatzeko aukerak ikusteko, alderdi politikoekin hitz egiten gaur hasiko dela iragarri zuen atzo Mariano Rajoy Gobernuko jarduneko presidenteak. “Elkar ulertzeko borondaterik” ote dagoen aztertu nahi du buruzagiak. Rajoyren hitzetan, “jarrera ona” baldin badago batzorde negoziatzaile bat izendatuko du.
EBren bilera amaitu ondoren, prentsaurrekoa eman zuen Rajoyk atzo Bruselan. “Lehenbailehen” Espainian Exekutibo bat izatea “zentzuzkoa” dela esan zuen agintariak. Rajoyren ahotan, Gorteak osatu ondoren, “azkarrak, arduratsuak eta konstruktiboak” izan behar gara.
Iragan urritik jardunean ari dela gogorarazi zuen Rajoyk. Egoera horretan lege proiekturik ezin duela aurkeztu ohartarazi zuen. Har ditzakeen erabakiak “gutxi” direla erantsi zuen. Azpimarratu zuenez, egoera hau ezin da “mugagabe” luzatu.
Gobernuko jarduneko presidenteak ez zuen egutegirik finkatu, “aurretik ez duelako ezer erabaki”. Hala ere, lehen hartu-emana Pedro Sanchez PSOEko buruzagiarekin izango du, bigarren indar politikoa delako, 85 diputaturekin. Gobernua osatzeko lehen aukera da.
Zentzu horretan, Exekutiboak “oinarri parlamentario zabala” izatea gustatuko litzaiokeela esan zuen Rajoyk, “datozen lau urteetan segurtasuna, konfiantza eta segurtasuna” bermatzeko. Are gehiago, ‘Brexit’, susperraldi ekonomikoa sendotzea, lanpostuak sortzea eta erreformak bezalako “erronkak” aurretik dituztenean.
Bakarka gobernatzea, aukera bat
Oinarri parlamentario zabaleko gobernu “egonkor” bat osatzea posible ez bada, PPren botoekin eta herritarren babesarekin bakarka gobernatzen saiatuko dela azaldu zuen jarduneko presidenteak.
“Ez dut zurekin ezer nahi” esaten duenarekin bilera egiterik ez dagoela ohartarazi zuen agintariak. Kasu horretan, ez legoke negoziaziorako batzorderik.
“Baina hori ez da gertatuko, ziur nago, bestela egoera oso kezkagarrian egongo ginateke. Gauzak presa barik, baina etenik gabe egin behar ditugu. Hau laster itxi behar dugu”, adierazi zuen.