Politika -
Jaurlaritzaren proiektua
Ministerioa: 'Poliziaren biktimen legeak Konstituzioa urratzen du'
Giza eskubideen urraketa bat frogatzeko epai judizial bat ez eskatzea "Estatuaren erreserben" aurkakoa dela ohartarazi du Barne Ministerioak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak uste du Poliziaren biktimen lege proiektuaren zenbait puntuk Konstituzioa urratzen dutela, "bai edukian, bai eskuduntzen arloan", Eusko Legebiltzarrera igorritako txosten baten arabera.
Lege proiektua uztailean onartuko du Ganberak, EAJren eta EH Bilduren babesa bermatuta baitago, eta jarraipena ematen dio Eusko Jaurlaritzak 2012ko ekainean onartutako dekretuari. Dekretu hura 1960-1978 epean Poliziaren biktimak izan zirenei buruzkoa izan zen, eta, lege proiektu berrian, 1978-1999 epekoak hartuko dituzte kontuan.
Estatuko Abokatutzak helegitea aurkeztu zuen dekretuaren aurka, lesioak egiaztatzeko frogarik ez eskatzeagatik. Horregatik, Jaurlaritzak erabaki zuen 1978-1999 epeko biktimen laguntzak lege bidez onartzea, segurtasun juridiko handiagoa emateko.
Nolanahi ere, Barne Ministerioak ohartarazi du zenbait artikuluk urratu egiten dutela Konstituzioa. Horren ildotik, Balorazio Batzordeari (biktima izaera aitortu behar duena) emandako hainbat eskuduntza "Estatuarenak" direla azaldu du.
Hain zuzen ere, giza eskubideen urraketa bat frogatzeko epai judizial bat ez eskatzea "Estatuaren erreserben" aurkakoa dela adierazi dute, "funtzio horiek epaileek eta epaitegiek baino ezin dituztelako egin".
Gainera, Ministerioaren esanetan, gerta liteke dagoeneko epaituta dauden hainbat auzi "berriz aztertzea", absoluzioak ekarri dituztenak barne, baina "berme gutxiagorekin". Horren haritik, Gerra Zibilaren eta terrorismoaren biktimak aitortzeko Estatuak dituen legeek "epaiak edo ikerketa judizialak" eskatzen dituztela gogorarazi du.
Hori guztia kontuan hartuta, Balorazio Batzordearen ebazpenek "ohorerako eskubidea, babes judiziala izateko eskubidea eta Segurtasun Indarretako kideen errugabe presuntzioa" urra ditzaketela nabarmendu du Jorge Fernandez Diaz ministroaren Sailak.