Politika -

Auzitegi Nazionala

Ismael Moreno epaileak artxibatu egin du titiriteroen aurkako auzia

Lazaro de la Fuentek eta Raul Garciak bost egun eman zituzten espetxean, antzezten ari ziren laneko pertsonaia batek "Gora Alka-ETA" zioen pankarta bat erakusteagatik.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak artxibatu egin du Alfonso Lazaro de la Fuente eta Raul Garcia titiriteroen aurkako auzia, ukatu egin baitu "La bruja y Don Cristobal" antzezlanean ETA goratu zutela. Hori bai, Gaztela plazako epaitegiei oinarrizko eskubideen aurkako deliturik egin zuten ikertzea agindu die.

Aktoreek bost egun eman zituzten espetxean, aipatutako antzezlaneko pertsonaia batek "Gora Alka-ETA" zioen pankarta bat erakusteagatik.

Epailearen esanetan, baina, artistek ez zuten "erakunde terrorista goratu edo justifikatu nahi", ezta biktimak "iraintzea" ere.

Epaileak bat egin du Fiskaltzaren irizpidearekin, eta ebatzi du titiriteroek "poliziaren jokaera" kritikatu nahi zutela antzezlanean. Izan ere, istorioaren barruan, polizia batek jarri zion kartela pertsonaia bati, delitu bat leporatzeko.

Halaber, antzezlana "ulergaitza" izan zela azaldu du, esperantoan antzeztu zutelako.

Oinarrizko eskubideen aurkako delituari dagokionez, auziaren zati hori Gaztela plazako epaitegietara igorri du, bertan iker dezaten, Fiskaltzak eskatu bezala.

Ez du onartu Alberto San Juanen eta Gloria Muñozen aurkako salaketa

Bestalde, epaileak ez ditu onartu biktimen elkarteek Alberto San Juan eta Gloria Muñoz aktoreen aurka aurkeztutako salaketak.

Aktore horiek berriz ere antzeztu zuten titiriteroen lana, eta aipatutako kartel berdina erakutsi zuten, baina haien asmoa kartzelatutako artistei elkartasuna adieraztea zela esan du epaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Politika Espainia Gaurko azken ordukoa