Politika -

Grabazioen eskandalua

De Alfonsok Mas agintetik kentzeko plan bat proposatu zion ministroari

Planak hainbat enpresabururen oniritzia zuela ere esan zion Kataluniako Iruzurraren aurkako Bulegoko zuzendariak Jorge Fernandez Diazi.

Daniel de Alfonso Iruzurraren aurkako Bulego Kataluniarreko zuzendaria. EFE
Daniel de Alfonso Iruzurraren aurkako Bulego Kataluniarreko zuzendaria. EFE
Fernandez Diazek eta De Alfonsok Artur Masi buruz ere hitz egin zuten

1:33

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Daniel de Alfonso Kataluniako Iruzurraren aurkako Bulegoko zuzendariak Artur Mas Generalitateko eta CDCko presidente karguetatik kentzeko plan bat proposatu zion Jorge Fernandez Diaz Espainian jardunean dagoen Gobernuko Barne ministroari.

De Alfonsok eta Fernandez Diazek 2014ko urrian izandako solasaldiaren beste grabazio bat publikatu du ostegun honetan Publico egunkariak.

Bertan entzun daitekeenez, De Alfonsok proposatutako planaren helburua zen CDCren eta ERCren arteko aliantza oztopatzea eta Katalunian independentzia erreferenduma egitea galaraztea.

Horretarako, Artur Mas presidente kargutik kendu nahi zuen Kataluniako Iruzurraren aurkako Bulegoko zuzendariak, eta bere konfiantza osokoa zen pertsona bat, Germa Gordo (orduko Justizia kontseilaria), jarri haren ordez.

"Mugimenduak egin ditut nire kabuz, eta proposamenak egin izan ditut beti", azaldu zion De Alfonsok ministroari.

Gainera, hainbat enpresaburu handik planari oniritzia eman ziotela ere esan zion. Besteak beste, hiru izen hauek eman zizkion: Isidro Faine La Caixa taldeko presidentea, Luis Bonet Freixenet konpainiako eta Espainiako Merkataritza Ganberako presidentea eta Jose Manuel Lara Planeta taldeko eta Atresmediako presidentea (iaz zendu zen).

Plana entzun eta gero, Artur Masek Generalitateko Presidentetza noiz utziko lukeen galdetu zion ministroak De Alfonsori, eta horrek "urte eta erdi barru" erantzun zion, hots, "legegintzaldia bukatu eta gero". Horren aurrean, epea luzeegia zela iritzi zion Fernandez Diazek: "Urte eta erdi testuinguru horretan eta Artur Mas Generalitateko eta CDCko buru izanda…".

Solasaldiaren grabazioak atalka publikatzen ari da Publico egunkaria. Azken egunetan argitaratutakoetan, Fernandez Diazek eta De Alfonsok ERCren eta CDCren aurka eskandaluak sortzeko eta Fiskaltza erabiliz informazio horiek hedabideetara igortzeko konspiratu zutela entzun daiteke.

De Alfonsok berak agerraldia egin du ostegunean Kataluniako Parlamentuan, eta esan du Albert Rivera Ciudadanoseko presidentearekin ere bildu zela, eta horrek "babes osoa" eskaini ziola, trukean "zerbait" kontatzen bazion, hau da, arerio politikoen aurka erabiltzeko moduko informazioa ematen bazion.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma gaur Espainiako Gobernua argazkiak Gaurko azken ordukoa Artur Mas albisteak